Arantxa Urbe

ELKARRIZKETA 2022KO OTSAILAREN 28AN

Arantxa Urbe Irazusta





Orereta ikastolako ikasle ohia (4 urtetatik 18 urtera arte). Nire bizitza osorako asko markatu ninduen garaia eta esperientzia izan zen. Egun, nire lagun hoberenak garaia horretakoak dira.

Ingeniaritza ikasketetan hasi eta urtebete egin ondoren magisteritza ikasketak hasi nituen. Nire asmoa ingeniaritzara itzultzea bazen ere, ikasketak amaitu bezain laster Oreretako Langaitz ikastolan hasi nintzen lanean. Ondoren Zarauzko ikastolara joan nintzen. Bertan bizi izan nuen publifikazio eztabaida guztia.

1997an LABen hezkuntza arloan liberatu nintzen. Orduan ere HikHasi aldizkaria eta proiektu pedagogikoa jarri genituen martxan. Bertan ere lanean aritu nintzen. Ondoren berriro Zarauzko ikastolara bueltatu nintzen. Baita Euskararen Kontseiluan egon nintzen, “Ikasle euskaldun eleaniztasunak sortzen” proposamena lantzen aritu nintzen.

HikHasi berriro 5 urterako itzuli nintzen eta urte horietan, Oreretan, ikastetxeetan Ondare kulturala transmititzeko “Herria ezagutzen” proiektua garatu nuen.

Ondoren berriro Zarauzko ikastolara bueltatu nintzen.

Sartu-irteera asko egin ditut baina beti itzuli naiz ikastoletara.

Hezkuntzarekin izan dudan lotura askotarikoa izan da: Kulturatik, kazetaritzatik, sindikalgintzatik, … begiratu diot.

HAINBESTE ESPERIENTZIAREKIN, NOLA DEFINITUKO ZENUKE IKASTOLA?

Ikastola ezagutu nuen garai horiek garrantzitsua da niretzat. Ez ziren garai errazak eta baliabideak urriak ziren. Lehenengo ikas-mahaia lehenengo mailan (7 urte) izan genuen. Bien bitartean lurrean eserita egoten ginen, bakoitza bere Xabiertxorekin, plastilina, txotxak, … eta ezer gehiagorik ez. Baina nahikoa zen zoriontsua izateko, Azken urteetan berrikuntza arloan aritu naiz Zarauzko ikastolan eta hainbat gauza paradoxikoak antzeman ditut. Gure garaian modu naturalean, beharrak genituelako, egiten genituen gauzak, gaur egun berrikuntza gisa planteatzen dira.

Oso prestakuntza ona jaso genuen. Seguruenik alde humanoa izan da aberatsena, eta ikasgaiez gain, etorkizunean gehien eman didana, urte horietan bizitako kalitate humanoa izan da. Baita urte horietan garatu genuen pentsamendu kritikoa ere. Eta hori guztia euskaraz egin genuen.

 

Gaur egun Hezkuntza legearen akordioarekin dugun testuinguruan horretan, urte horietan bizitakoak, nire burua eta eztabaida kokatzen laguntzen didate.

ZER ERRONKAK DITU GAUR EGUN ORERETA BEZALAKO IKASTOLA BATEK?

Gure herria ez da herri normalizatua. Herri honetan inor ez dago soberan. Ikastetxeak etengabeko konpetentzia batean egon beharrean, elkarlanean egon beharko lirateke. Eszenatoki hori urrun xamar ikusten dut, oraingoz, baina horrela amesten dut nik hezkuntzaren etorkizuna, elkarlanean.

Azken urteetan eman diren pausuan garrantzitsuak badira ere, ez dugu loak hartu behar.

Euskararen gaiarekin adibidez, hainbat gauza birplanteatu behar ditugu. Hor ditugun hainbat erabileraren emaitzak, ezagutza unibertsalaren erronka, jendartearen egituraketa berria: etorkinak, era guztietako etorkinak, horiek nola gerturatu euskarara, eleaniztasuna ere hor daukagu, eleaniztasunaren kontzeptua ez da oso ondo barneratu ez jendartean ez eta hezkuntzan ere. Ikasleak euskaldunduko badira, euskara ardatz duen murgiltze eta mantentze sistemetan oinarritutako hizkuntza eredu orokortu batean egingo dira. Hori guztia antolatu behar dugu euskara hizkuntza gutxitua dela kontuan hartuta.

Hor dago ere euskaldun zioaren guztia. Ikastolak urtetan euskal Curriculumaren sustatzailea izan da. Baina azken urteetan euskal dimentsio hori guztia ez ote dugun bazter samar utzi.

Proiektu pedagogikoa ere landu eta indartu behar da. Berriro haurrari eta gazteari eta haien kulturari begira jarri behar dugu, ezinbestekoa da. Gaur e gun alor pedagogikoan berrikuntza gisa kokatu diren hainbat proiektu eta lan egiteko modu ikastolan bizitu genituen ikasleok.  Lehengo garaietan beharrak sustatu zuen lan kooperatiboa, eta hemendik hasi zen sortzen hainbat egitasmo kolektibo, materialgintza, esaterako.  Gaur egun berrikuntza eta eraldaketa gisa aurkezten zaizkigun hainbat praktika bagenituen jada, eta ahaztu egin ditugu, antza: proiektuetan lan egiten genuen, talde kooperatiboetan eta abar. Hezkuntzan dagoen amnesia ikaragarria da.

 

ORERETAN HERRI HEZITZAILE DINAMIKAREKIN LAN BEREZIA EGIN DA. NOLA UZTARTU DAITEKE PROIEKTU HAU ORERETA IKASTOLAN DITUEN ERRONKETAN?

Ikastolak trinkotu beharko luke bere komunitatea: ikasleak, langileak eta gurasoak. Komunitate horretan sortu behar den sentsazioa edota ulertu behar dena da ikastola den proiektu honetan bakoitzak betetzen duen funtzioa oso garrantzitsua dela. Zuzendari batek egon behar duen bezala, garbitzaile batek ere egon behar du. Bakoitza bere funtziotik proiektu handi horretan aportatu egiten du. Denak dira beharezkoak. Eta komunitate horretan Orereta herriaren zati handi bat dago.

Orereta, komunitate gisa, oso herri aberatsa da. Nire herriarekin ez dut soka eten, baina bereziki, ondarearen transmisioari buruzko lana egin nuenean, Herria Ezagutzen,  Oreretak duen aberastasunaz konturatu nintzen. Esan daiteke denetatik dagoela, baina aldi berean izugarrizko elkarren ezagutza falta dagoela ere azpimarratu behar da. Ezagutza eza hori gainditzeko Herri Hezitzaileak funtzio handia bete dezake.

Porrotxek maiz dioen bezala: ”irakasteko behar dugun guztia herrian dugu”.. Ekonomia arloa adibidetzat hartzen badugu, ohikoa da munduko ez dakit nongo adibideak hartzea 1., 2. edota 3. sektoreak adierazteko. Oreretaren errealitate sozioekonomikoa erreferentzia hartuko bagenu, bertan dauden nekazariak, enpresak, tailerra, dendak adibide hurbilak eta zuzenak izan daitezke ekonomia benetan bizitzan nola antolatzen den ulertzeko. Hori izan daiteke erronka handi bat: ikastolako ateak ireki eta herrira joan, bertan izugarrizko baliabide baitaude.

Orereta gainera oso atomizatuta dagoen herria da. Tonucciren teoria jarraituz, zahurgarrienentzako herria pentsatuko bagenu. herri hobea litzateke denentzat. Oreretan denon artean leku hobeago bizitzeko baldintzak sortu behar ditugula amestu eta medioak jarri behar ditugu. Haurrentzako hiria, baina baita adina dutenentzat ere, baita aniztasun funtzionalaren ikuspuntua landu, baita ere beste lurraldeetatik etorritako beste pertsonentzako, … Eta ikastola horretan bere aletxoa jarri beharko luke, azken finean horren bitartez bera ere, proiektu gisa, aberastuko baita.

KILOMETROAKEK ZERTAN LAGUNDU DEZAKE?

1984an Oreretan egin zen lehenengo Kilometroaken milaka bokata egiten aritu ginen AƱabitarteko baserrian. 1999an egin zen bigarren Kilometroaken  ikastoletako arduraduna nintzen LABen eta hautatu behar izan nuen lagunekin txoznan nuen txanda egin ala sarrera ofizialeko ekitaldera joan, biak ordu berean suertatu zirelako. Txoznako txanda egin nuen, noski.  Edozein kasutan, bi esperientzia hauetan erreparatuz,  azpimarratu behar dudana da Kilometroakek sortzen eta pizten duen ilusioa; herriko  talde eta adierazpen artistiko ezberdinen artean sortzen den elkarlana (dantza, antzerkia, musika, …). Bigarren Kilometroaken gainera Boiseko Euskal Etxearekin eta Argentinarekin (Uste dut, jartzekotan baieztatu egin beharko litzateke) konexioa egin zen, … Lehenengoa konexioa herri mailan egin zen; bigarrenean euskal diaspora.

Kilometroak bitarteko edota oinarri bat izan beharko litzateke herria kohesionatzeko eta jendea ikastolara, euskarara dimentsio horretara, hau da, herri baten biziraupena indartzeko eta sustatzeko dinamika piztu beharko litzateke.

EREDU BERRIA NOLA APLIKATU ORERETAN?

Masifikazioak gure festan sortzen duen mezuaren distortsioa ikusita, eta Orereta herriak duen konfigurazioa ikusita, interesgarria litzateke Kilometroak jaia Oreretako auzo ezberdinetara eramatea, beraiek ere jaiaren partaide senti daitezen. Auzo elkarteak auzo guztietan daude. Berengana hurbildu, hitz egin eta elkarrekin gauzak antolatu beharko genuke. Kilometroak plataforma ona izan daiteke ere beraien zerbitzuan jartzeko, auzo horiek zer diren Oreretan bertan erakusteko, lehen esaten genuen elkar-ezagutza eza gainditzeko.


Iruzkinak

Blog honetako argitalpen ezagunak

Berrikuntza: etorkizuna bermatzeko bidea!