Egoitz Verdugo

ELKARRIZKETA: 2022KO OTSAILAREN 25EAN

 


Egoitz Verdugo

Orereta ikastolako zuzendari pedagogikoa

DBHko zientzia arloko irakaslea

ZEINTZUK DIRA ORERETA IKASTOLAREN BALIO PEDAGOGIKOAK?

Ikastola izateak baditu bere baitan balio potente batzuk. Ikuspuntu pedagogikoki oso eraldatzaileak gara. Beti aurrera begira.

Gizarteak dituen beharren arabera egokitzen saiatzen gara. Horren ondorioz, gizartearekin lotura sakona dugu. Alegia, oso herritarrak eta herrikoiak sentitzen gara.

Ikastolako komunitateari begira, guretzat gurasoen parte hartzea oso garrantzitsua da. Ikastola ez da gurasoen elkarte bat; gurasoan muinean daude baizik: erabaki guneetan, proiektuaren barruan, … Hori ere ikastolaren beste balioa da.

Azpimarragarria den beste balioa ikastola Euskal Herri osoari irekita egotea da. Gu Oarsoaldean gaude baina oso presente daukagu zein markoan aritzen garen. Zein da gure ingurunea? Euskal Herria, 7 probintziak. Ikastola Euskal Herrian osatzen den ikastetxe sare bakarra da.

Hori oso barneratuta daukagu egunerotasunean, eguneroko proiektu pedagogikoetan, gure ikasleen eta irakasleen profilean. Azken urteetan gure erkidegoan mina ematen dituzten hainbat bilakaerak ematen ari dira: erkidegoko lurraldeari garrantzia eman nahian, Euskal Herriko lurraldetasunari uko egiten zaio.

Ikastola ingurunearekiko konpromisoa duen proiektua da. Gure ikastolak duen kokalekuagatik pribilegiatua dela esan daiteke. Azken urteetan ikastolaren inguruari ez diogu aparteko interesa jarri, baina COVID pandemiak zerbait positiboa eman badigu horretan lagundu digu, hau da, gure ingurua ezagutzen eta aprobetxatzen ikasi dugu. Hementxe bertan dugu gure Baso eskola, gure baserria eta bere ingurua, … Horrek ematen digun balioa da ingurunearekiko bai naturala zein sozialarekin atxikimendua, konpromisoa.

Ikastolak inguruko baserritarrekin, enpresekin harremanetan gaude eta Kilometro Zeroko konpromisoa gure gain hartuta, gure jangelarako ahal den gehiena gure inguruan erosi nahi dugu. Energia kontsumo gaiarekin Goienerekin harremanetan gaude, …

Ikastola berdea izatea zer esan nahi du? ikastolak inguruarekiko sostengarria izan nahi badu, gizartearekiko ere sostengarria izan behar du.

Orereta herrian, ikastolak beti euskara eta euskal kulturan aktiboki lantzeko bokazioa izan du, besteekin batera noski, beste eragileekin batera. Lau Haizetara, aek, eta beste askorekin elkarlanean aritzen gara.

Euskara zentraltasunera ekarri behar dugu eta horretarako udalarekin, eragileekin, elkarrekin lan egin behar dugu. Ikastolak bide horretan motor bat izan behar du.

IKASTOLA ETA HERRIA: BATETIK HERRI HEZITZAILEA EKIMENA LANTZEN ARI DA ORERETAN; BESTETIK HEZKUNTZA LEGE BERRIA EAEN LANTZEN ARI DA. NOLA IKUSTEN DUZU IKASTOLAK HERRIAN DUEN LOTURA?

Gure errealitate soziolinguistiko honetan, Herri hezitzaile kontzeptua eta dinamika beharrezkoa da. Helburu estrategikoak oso ondo finkatu behar dira gure hurbileko gizarte honetan. Euskara zentrora ekarri behar da; baina euskara zentrora ekartzeak mundua ikusteko betaurreko berriak janztea suposatzen du. Gazteei aisialdiaren inguruan egiten zaizkien eskaintzak, udalak finantziatzen dituen ekintzetan euskarak duen presentzia,… hori guztia ondo aztertu behar da.

Gaur egun Euskal Herrian dagoen euskaldun kopurua milioi inguru bada, neurri handi batean ikastolek egin duten lanagatik izan da. Baina lan horrek eman du eman zezakeen guztia. Gu herri kolonizatuan bizi garela kontuan hartuta, gure ikasleak etengabe sare sozialetan (youtube, tiktok, Instagram, …) murgilduta daude, kultura hegemonikoek eskaintzen dituzten ezaugarrietatik gure gazteak elikatzen dira. Gizarte moduan honen aurrean hausnarketa egiten dugu edo kolonizatuta egoten jarraituko dugu. Deskolonizatzeko herria artikulatu behar dugu eta guk nahi ditugun ildo estrategikoak zentrora ekarri behar ditugu.

Horretarako Herri Hezitzailea tresna oso potentea izan daiteke. Herria bere dimentsio osoan hartzen duen proiektua da. Gazteak ere barnebiltzen duen proiektua da. Izan ere, gazteak ez dira etorkizunean aritu behar diren pertsonak, gazteak dagoeneko gizartearen zati garrantzitsua da: bertan daude eta bertan aritzen dira. Kalean daude, kalean komunikatzen dira, kontsumitzen dute, … Ezinbestean, hemendik 10 urtetara jaioko diren euskal herritarrei zernolako gizartea eskainiko diegu irudikatu behar dugu.

NOLA IKUSTEN DA ORERETA IKASTOLATIK GIZARTEAN AISIALDIAK IZAN BEHAR DUEN FUNTZIOA?

Artezkaritza kontseilutik horrela onartuta, gure jarrerak osagarria izan behar du. Orereta ikastolak aisialdiarekin beti izan duen jarrera herrian antolatzen denarekin guztiz osagarria izan behar garela. Egia esan, herri honetan oso dinamika kulturak potentea daukagu (musikala, kulturala, aisialdi talde asko daude, …) eta herrian dauden dinamika horiei, gu gainera ikastola handia garela kontuan hartuta, ez diegu konpetentzia sortu nahi. Guk ikasleei, beren auzoetan dauden ekimenetan parte hartzeko animatzen ditugu.

Gure aisialdiaren eskaintza beti herriari begira egin izan dugu: zer dago edo zer ez dago izan da gure kezka nagusia, eta dagoen hutsuneak betetzen saiatu gara beti.

Hauxe da historikoki izan dugun jarrera.

Eta aisialdiari begira, guk egiten dugun hausnarketa da, esparru honetan ere hainbat gai zentrora ekarri behar direla; aisialdiak marko bat behar du, izan ere, aisialdiak tresna bat da, heziketarako tresna bat, hain zuzen ere. Herri bezala marko bat behar dugun bezala, aisialdia marko hori indartzeko tresna baliotsua da. Herria kohesionatzea izan beharko litzateke aisialdiaren funtzio nagusia. Une honetan nahiko utopikoa ikusten bada ere, etorkizunean hori izan beharko litzateke ikastolaren erronka nagusia. Aisialdiaren bidez, Euskal Herria, euskaltasuna, herritartasuna landu beharko genuke. Aisialdia ezin da landu herriko eragile guztion artean sare bat bezala funtzionatzen ez badugu.

ESANDAKO HONETAN, KILOMETROAK DINAMIKAK ETA JAIAK ZERTAN LAGUNDU DEZAKE?

Orain arte aipatutako norabide berean kokatzen dut nik Kilometroak. Kilometroak-ek baditu balore andana gizartean partekatu behar direnak.

Hausnarketa potenteak egin dira azken urte hauetan Kilometroak zer den eta etorkizunean zer izan behar diren argitzeko. Baita zentrora zer eraman behar den zehazteko. Dagoeneko ez gaude 80. hamarkadan eta garai horretan zeuden lehentasunak (dirua lortzea besteak beste) une honetan beste paradigma batean gaudelako, agian ez dira hain garrantzitsuak.

AUSARTUKO ZINATEKE ESATEN ZER LANDUKO ZENUKEEN BEREZIKI KILOMETROAK DINAMIKAREKIN?

Euskara, Euskal kultura, herria, herriarekin lanean, herritartasuna, … nahita nahiez erdigunean egon behar dira.

Baina nire ustez sostengarritasuna landu beharreko gai bat dela. ODSrekin (Objetivos de Seguridad Sostenible) konpromisoa hartuta dugu. Zertan lagundu dezake kontzientziazioan, nola eraiki Ikastola berdea kontzeptua eta figura…

Beste gai garrantzitsua da inklusioa. Arrazoi ezberdinengatik, aitortu behar dugu segregazio handia dagoela Oreretan. Ikastetxe batzuen artean, kanpotik etorritako ikasleen kopuruari erreparatuz, matrikulazioaren banaketa ez da batere orekatua. Guk etorri berrien oso ehuneko txikia dugu gure ikastolan (%3-5). Inklusioa ikastola guztion konpromisoa eta betebeharra da. Kilometroak jaian kultur aniztasunak bere tokia izan beharko luke. Gai honekin gatazka soziala sortzen ari da. Horren aurrean, ongi jakin gabe nola, Kilometroak jaiak inklusioa lantzeko aukera bat izan beharko litzateke. Euskalduntasuna eta euskara bihurtu behar ditugu inklusiorako bide bat.

KILOMETROAK EREDU BERRIA: NOLA EGOKITU BEHARKO LITZATEKE ORERETAN ANTOLATUKO DUGUN KILOMETROAKEN?

Ikastola guztion arteko inplikazioa areagotu beharko genuke. Kilometroaken antolaketan ikastola batek lidergoa hartzen badu ere, hainbat dinamika partekatuak martxan jarri daitezke. Nik horren aldeko apostua egingo nuke. Eskualdeko ikastolen artean zein Lapurdiko ikastolekin lankidetzak baditugu.

Ikastolen dimentsioan, badira nerbioa edota muskulua duten ikastolak. Muskulua dutenek beste ikastolen nerbioa behar dute; eta alderantziz, nerbioa dutenek muskulua dutenen lankidetza behar dute.

Eredu berriak asko lagundu dezake deszentralizatzen, elkarrekin gauzak adosten eta antolatzen, …


 

Iruzkinak

Blog honetako argitalpen ezagunak

Berrikuntza: etorkizuna bermatzeko bidea!