Orereta ikastolaren historia
Orereta ikastolaren historia
Hasierak
“Zergatik ez duzue
sortzen eskola euskaraz emango duen ikastola baT?”
Don Jose Aranbarri
apaizak Iñaki Urkia, Bittor Idiazabal eta Patxi Maritxalarri proposatu zien.
1963ko irail hartan
Pioneko pentsutokira sartzen hasi ziren herriko haurrak.
1960ean, 18.642
biztanle zituen Errenteriak.
10 lantoki ziren
herrian: Esmalteria, Gecotor, La Fabril Lanera, Galletas Olibet, Krafft, Gamma,
Niesen, Paisa, Papelera Española, Victoriano Luzuriaga, …
6.130 langilek lan egiten
zurten enpresa hauetan.
60. hamarkada,
baby-boom garaia.
Lau eskola publiko
eta 8 zentro pribatu zeuden.
50ko hamarkadan,
dagoeneko bost biztanletik bat ez zen Euskal Herrian sortutakoa.
“A pasar el veranillo”
Urtero, Francisco
Franco diktadorea uda pasatzera Donostiako Aiete jauregira etortzen zenean,
egun batzuk kartzelan pasatu behar zituzten guraso askok, “badaezpada”.
"Euskaldunak gara,
horregatik ikasten dugu euskaraz, horregatik daramate aita kartzelara,
horregatik hitz egiten dugu euskaraz etxean …".
Lehenengo bazkideak
Orereta ikastola
martxan jartzeko, 50 bat bazkide lortu zituzten bultzatzaileek.
Bigarren
ikasturtean Madalen kalean hasi ziren haurrak ikastolan, Arantza Idiazabalekin.
Arantza Idiazabal Orereta ikastolako lehen andereñoa izan zen. Ama irakaslea zuen, eta aita, Bittor Idiazabal, ikastolako sortzaileetako bat izan zen.
“Bazkide izateko
formula hauxe izan liteke: akzio gisakoak saldu ditzakegu, baina eskubiderik
emango ez dutenak, itzuli beharrik gabekoak. 1.000 pezeta jarri edo 100.000
pezeta, eskubide berdinak emango ditu. Inork ez dezala pentsatu diru gehiago
emateagatik ikastolaren jabe egingo denik”.
Formula hark
funtzionatu zuen: Añabitarten ikastola eraikitzeko lurra erosteko eta egoitza
eraikitzeko dirua eman zuen jendeak.
1967ko udaberrian,
Azpeitiako Loiolan bildu ziren Gipuzkoako ikastolak. Gipuzkoako Ikastolen
Elkartea (GIE) 1969an sortu zen. Oreretako ikastolako lehenedakarietako bat
(Inaxio Oliveri) GIEko buru izan zen 1979tik 1980ra. Gipuzkoan bezala, hurrengo
urteetan gainerako herrialdeetan ere federazioak sortu ziren.
Urte berean
lehenengo Gida Batzordea izendatu zen.
Material pedagogikoaren sorkuntza
Material pedagogiko
berria sortzen hasi zen. Freineten metodologia erabiltzen zuten Ipar Herriko
zenbait eskoletan eta Frantziar estatuan ere, eta haiek bertatik bertara
ezagutu zituzten.
Freinet zioen
bezala, eskolak eta gizarteak ezin dute bata bestearekiko bi uharte isolatu
izan. Ikastolen historia eta Euskal Herriko gizartearena erabat paraleloak izan
dira. Eta Orereta Ikastolaren histori ere Errenteria-Orereta herriarenarekin
bat joan da.
Euskal hezkuntza
emakumeen esku egon da tradizionalki, kultura eta hezkuntzaren transmisioaren
arduradun izan diren heinean. Ikastolen lehenengo oinarrietatik (Elbira
Zipitriaren ikastolak), emakumezkoak aritu dira irakasle lanetan.
Orereta ikastolan 30 emakume inguruko talde bat zegoen hasierako urte haietan, eskatzen zenion guztian laguntzen zuena. Hala ere, Orereta Ikastolaren historian, Gida Batzordearen izen-abizenak irakurtzen direnean, gizonezkoak dira nagusi.
1978an Pedagogi Lokarria izeneko aldizkari bat egiten hasi ziren Orereta ikastolako irakasleak.
Eztabaida gogorrak: Euskara batua eta erlijioa
1969an
Euskaltzaindiak euskara batua arautzeari ekin zion. Irakasle gehienek euskara
batuaren beharra sentitzen zuten, eta ikastoletara eraman zuten.
Guraso gehienak
ikasgelan erlijioa irakastearen aldekoak ziren. Irakasle gehienak, aldiz, eurei
ez zegokiela ikasgai hori ematea uste zuten.
Makarenko
errusiarraren metodologiari heldu zioten; irakasle bakoitzak ikasgai bat ematen
zuen, eta gurasoen partehartzea ere bilatzen zuten. Horrela, guraso eskola
jarri zuten martxan.
1970 – 1973. Familia handi bat: kooperatiba
Kooperatibismoaren
pizkundea bizi zen garai horretan kooperatiba-eredua eskolara eraman zuten.
Langile tailerrak sortu ziren ikastolan bertan eta gurasoak astean behin euren
ogibideak erakustera joaten ziren: elektrizistak, arotzak, dendariak, …
“Añabitarten,
atzean, lur sail handia zegoen eta baserritar baten laguntzarekin, artotarako
jarri genuen zati bat. Oilategia eta baratza ere bagenituen. Larunbatetan hango
produktuak saltzera plazara joaten ginen ikasleekin batera. Gero ekonomista
talde bat zegoen…”.
Hala ere 45 urte
beranduago Orereta ikastolak Kultur Elkartea izatetik juridikoki kooperatiba
bihurtu zen. Honela, 2008an, gurasoen kooperatiba bihurtu zen. Gida Batzordeak
irakasleei eta langileei ere eskaini zien kooperatiba integrala osatzeko
aukera, baina hauek bozketan uko egin zioten aukera horri.
Orereta ikastolako
ikasleek, adinean gora egin ahala, geroz eta gehiago parte hartzen dute
Ikastolak bizitzan, eta erabakiguneetan euren iritzia emateko aukera dute.
Orereta Ikastolako
guraso batzuk oso aktiboak dira. “Gurasoak dira ikastola honen sortzaileak,
jabeak eta kooperatibistak”. Gaur egun Orereta ikastolako ikasleen gurasoetako
asko ikasle ohiak dira.
Artezkaritza
Batzordea 19 lagunek osatzen dute: 9 gurasok; 4 langile ordezkarik; HH, LH, DBH
eta Oiartzo zuzendariek; zuzendari pedagogikoak eta zuzendari nagusiak.
1973. urtean
Orereta ikastolaren proiektuak jauzi berri handi bat eman zuen. 100.000 metro
karratu erosi zituen Orereta ikastolak Añabitarten ikastolarentzat izango zen
eraikuntza egin ahal izateko. Bazkideek 4 milioi pezeta eman zituzten erosketa
egiteko, baita zenbait ekintza ere egin ziren: Real Soziedad eta Athleticeko
jokalari ohien arteko “derbi” berezia (1972ko urriaren 29an jokatu zen).
1978an, Añabitarten
bigarren egoitza eraikitzen hasi ziren, ikasle helduenek bertan ikasteko.
1984an kirol
instalazioak eraiki ziren.
1975. urtean,
46.239 lagun bizi ziren Oreretan. Gehiengoa (%40a pasatxo) Espainiako estatuan
jaiotakoa zen, eta ez zen %17ra heltzen bertan jaiotakoen kopurua. %8,3koa
soilik zen euskararen erabilera.
Franko
diktadorearen heriotzak dikotomia asko piztu zituen: euskaldunak-erdaldunak;
langile kontzientzia-kontzientzia burgesa, eta horrek herriko bizitza sozialean
egunerokotasunean zuen isla.
Ikastola Eguna
1983an ospatu zuen Orereta ikastolak.
1985ean Orereta
ikastola sekula izan duen ikasle kopururik altuena izatera iritsi zen: 1.750
ikasle.
Kilometroak 84
1984ko urriaren 7an Kilometroak Errenterian ospatu zen. Goizaldean, euria goian behean, baina atertu zuen. 700 lagunek partehartu zuten Kilometroak antolatzen. Heri osoa inplikatu zen jaia aurrera ateratzeko. Koldo Mitxelena, Bittor Idiazabal eta Joxe Miguel Barandiaranek moztu zuten zinta. Diru bilketa handia izan zen, horietatik, 16 milioi pezeta pasatxo Ikastolarentzat izan zen.
Jose Ramon Andaren galleta
Ikastolaren 25. Urteurrena ospatzeko Jose Ramon Anda eskulturagileari ondoren ikastolaren ikurra bilakatuko zen artelana egiteko eskatu zioten. 1991ko apirilaren 13an inauguratu zen eskultura. Ordutik, ikastolaren irudia da Andak sortutako irudia eta Añabitarten dago berak egindako eskultura, pastilla edo galleta bezala ezagunagoa.
Ikastolen estatusa, eztabaidagai
80ko hamarkadan,
ikastolen estatusari buruzko eztabaida hasi zen. Ikastola eta erakunde publiko
berrien arteko hartuemanak eta negoziazioak hasi ziren: eskola publikoa bihurtu
ziren, pribatu, kontzertatu, … 1980an, Ikastolen Titulartasuna Ofizialerako
Arautegia onartu zen, ikastolak erakundeen esku jarriz, nahiz eta ez ziren
estatuaren eskola. 1987an, Ikastolen Konfederazioa eta Eusko Jaurlaritza
adostasunera iritsi ziren: akordio politiko bat sinatu zuten, eskola publiko
berrirako ibilbide orria izango zena.
Prozesuak hurrengo
urteetan izan zuen garapenak, 1991ean Eusko Jaurlaritzak aurkeztu zuen Euskal
Eskola Publikoaren Legea izan zuen ondorioa. Zalantza handia sortu zuen lege
horrek ikastolen mugimenduan. Titulartasuna Gobernuaren eskuetara pasatzea eta
eskolen arteko sareen amaiera aurreikusten zuen, besteak beste.
Ikastolen
historiako “krisi larriena” kontsideratzen da garai hura. Ikastola bakoitzak
asanbladan erabaki zuen bere etorkizuna.
Orereta ikastolako
asanbladak (On Bide zineman) Eusko Jaurlaritzak egindako proposamenari uko egin
eta hezkuntza sare publikoan ez sartzea erabaki zuen. Horren ondorioz, 1993.
urtean Errenteriako udalak ordurarte izan zuen jarrera aldatu zuen: mantenurako
eta funtzionamendurako ematen zizkion laguntza guztia kendu zizkion.
Joxemi Zabala (Zuzendari Nagusia: “Sare publikoan sartu ez ginen ikastolak, Ikastolen Elkartearen baitan hazi gara, talde moduan, elkarri lagunduz. Izaera propioarekin giza ekimeneko ikastola gisa iraun dugu eta pedagogian nahiz kudeaketaren alorrean aurrera egin dugu”.
Xabier Oleaga (Lehendakaria 1996-2006): “ikastolak eredu sozial bat, gizarte ekimeneko eredu dira”.
Eusko Jaurlaritzak 2001ean herri onurako erakunde izendatu zuen Orereta ikastola.
70-80ko hamarkadetan: Pedagogia berritzaileak
Irakasleak
autogestioan funtzionatzen zuten. Ez zegoen zuzendaririk, koordinatzaileak
baizik. Denen artean hartzen ziren erabakiak. Kooperatibismoaren eta eskola
aktiboaren eredua ikasgeletara eramateko asmoz, bi ekintza nagusi buktzatu
ziren, beste batzuen artean: Talde Lanak eta Langile Taldeak
Sozializazioak tarte garrantzitsua izan zuen. Talde Lanak lehen hezkuntzako planteamenduetatik zetozen, hau da, gai batzuk erabaki eta irakaslea zuzendari zela, taldekideen artean aukeratutako gaia lantzea zen helburua. Talde bakoitzak ga bat lantzen zuen eta hori denen artean partekatzen zen ondoren, baita gurasoen aurrean ere, disziplina arteko ikusmiratik jorratuta.
Langile Taldeetan, batxilergoko gazteek hartzen zuten parte, irakasleekin batera, baina guraso batzuek eta herriko bolondresek ere, hala nola, tailer teknikoagoa batzuetan laguntzen, argindarraren taldean, esaterako.
Langile Taldeen antolakuntza-eragilea eta koordinatzailea “Buru Batzarra” zen. Talde bakoitzak bere ikasle-ordezkaria zuen batzar horretan eta autogestioa eta autofinantzaketa zuen oinarri.
Euskararen bilakaera kezkagarria
70eko hamarkadaren
hasieran, ikastolako ikasleen ia %85 ziren euskaldunak, eta soilik %1, 27k ez
zekien euskaraz ikastolan sartzerakoan. Kopuruak, ordea, bilakaera nabarmena
eduki zuen hamarkada honetan, eta 70eko hamarkadaren amaieran, ikasleen %55,5a
zekien euskaraz ikastolan hasterakoan. Zerbait zekitenak %24 ziren, eta ezer ez
zekitenak %20. Joera berdin jarraitu zuen 80ko hamarkadan, eta geroz eta
gehiago ziren ikastolan hasterakoan euskaraz ez zekiten ikasleak, 1983-84
ikasturtean, esaterako, %22,6 ziren.
Irtenbide bat eman
nahian, 1981. Urtean, haurrak euskalduntzeko bide berri bat aukeratu zen, ama
hizkuntzaren araberako ikasle talde homogeneotan oinarritutakoa. Baina epe
laburrean beste norabide bat hartu zen: etorkizuneko euskaldun berrien aldeko
apostua egin zen, eta ikasle horiek ez baztertzea erabaki zen. Eztabaida asko
sortu zituen erabakia izan zen, baina helburua oso garbia zen: batetik,
erdaldunek ongi oinarritutako euskara ikastea, polikiago lortuagatik ere, eta
bestetik, euskaldunek euskara aberastea.
Ama euskara 87
Orduan euskararen
aldeko kanpaina erraldoia martxan jarri zen: Ama euskara 87
Irakasle talde bat
buru-belarri ari zen lanean, eta besteak beste, 1987an, jai erraldoi bat
antolatu zuten herrian: Ama Euskara.
1986an euskararen erabilera sustatzeko Euskaraz Bizi proiektua jarri zen martxan Tolosako Laskorain ikastolan, Atarrabiako Paz de Zigandan, Lizarrako ikastolan eta Gasteizko Toki Ederren.
Hezkuntza berezia
Oraindik integrazioaz
hitz egiten ez zenean, Maite Rekarte andereñoak integrazioa praktikara eramaten
zuen. Urte horietan (70) ez zegoen zentro berezirik euskaraz, eta guraso
euskaldunak euren seme-alabak zentro erdaldun batera eramatera behartuta zeuden.
Maite Rekarte andereñoak ikasle horiek zentro espezifikoetara joan beharrean,
ikastolan jarraitzeko borrokatu zuen.
Oreretara etortzen
diren bizilagun berriak
2009-2010
ikasturtean hasi ziren ikastolan lehene ikasle etorkinak. Hizkuntzak mugatuta,
ordura arte ez ziren ikastolara etortzen eta Eusko Jaurlaritzak ere ez zituen
ikastolara bideratzen. Hala ere, eskola publikoetan zegoen masifikazioa arindu
nahian, herriko etorkinak eskola guztien artean banatzen hasi ziren. Eusko
Jaurlaritzak berak bideratuta. Ordutik, etorkinekin protokolo bat abiatzen du
ikastolak adaptazioa erraztu nahian.
Kirolzaletasuna
Kirolak
hasiera-hasieratik izan du tartea Orereta Ikastolan, nahiz eta eskola ordutik
kanpoko ekintza bezala ez zegoen. 70eko hamarkadaren amaieran Karlos
Urdanpilleta gorputz hezkuntzako irakasle bezala lanean hasi zen eta ikastolako
barruko txapelketa antolatzen hasi zen. Bide honetatik martxan jarri zen
Oreretako Eskola Kirola. Dos Bosco eta Tellerikoekin batera eman ziren
lehenengo eztabaidak “Kirol anitz” kontzeptua adostu arte. Baina eztabaida ez
zen amaitu eta ondoren urteetan bi korronteen artean talka sortzen ziren
planteamenduak mahai gainean egon dira eten gabe: Eskola Kirola heziketarako
edo Eskola Kirola txapelketak antolatzeko.
Araututa dauden
ekintzez gain, ikastola bakoitzak bere jarduera propioak egiteko aukera ere
badu. Horiek normalean hastapeneko jarduerak izaten dira, hezi-jolas izaera
dutenak.
Herri mailan,
halaber, beste talde batzuekin ere badago harremana: Union Txiki, Ereintza,
Club Atletico Renteria, Hibaika, Touring eta Laguntasuna txirrindulari elkartea.
Ureteen arabera, talde batzuk arrakasta gehiago izaten dute, baina, oro har,
herriko klub guztietan daude ikastolako ikasleak.
1993ko azaroaren
30ean izan zuten lehen aldiz ikastolako ikasleen guraso gehienek Urdabururen
berri. Euren seme-alabak naturarekin harreman zuzena izateko eta mendi irteerak
egiteko gonbita egin zen orduan etxe guztietara bidalitako eskutitz baten
bidez. Berehala 176 partaidek eman zuten izena. Geroztik Euskal Herriko hamaika
mendi, leize, haitz, txoko … ezagutu dituzte Orereta ikastolako ehundaka gaztek
eta gurasok.
Etorkizunari
begira, erronka nagusia partehartzeari eustea eta igotzea dela nabarmendu dute
irakasleek. Bestalde, ereduaren inguruko hausnarketa egitea beharrezkoa dela
azpimarratu dute. “Gizartean dugun eredua errepikatzen da ikastolan, eta askotan
ez da sinisten neskek eta mutilek kirola berdin egin dezaketela”, diote
irakasleek.
90eko hamarkadaren erdialdean berriz ere herrira itzuli zen ikastola, Haur Hezkuntzako egoitzak irekita. Ikastolak, bere kabuz, Esmalterian 1.500 metro kuadroko egoitza erosi zuen, eta 1997an martxan jarri zuen Haur Hezkuntzako ikastola berria.
Ia hamarkada bat
geroago, 2006ko abenduaren 3an, berriz, Linoko eraikineko zinta moztu zuten.
Gaur egun bi
egoitza hauen artean eskaintzen du Orereta ikastolak 0 eta 6 urte arteko
hezkuntza.
Kilometroak 99:
Kilokoloreren eguna
1999ko urriaren 3rako, bigarren aldiz Kilometroen jaialdia antolatzeko ardura hartu zuen bere gain Orereta ikastolak.
Euriak ez zuen barkatu 15 urte geroago ere, baina 1984an bezala, giroa paregabea izan zen. Egoitza berriari aurre egiteko Kilometroak jaiaren bidez 25 milioi pezeta lortu ziren.
Lehendabiziko
aldiz, Kilokolorerekin munduan barrena zabaldu zen euskararen aldeko feste hau:
Arrecifesen (Argentina) eta Boise (AEB) ere ospatu ziren Kilometroak,
euskararen eta ikastolen aldeko festa.
Oiartzo, bi ikastolen batura
Espainiako
Gobernuaren 1990eko LOGSE legearekin Hezkuntza Erreforma sakona iritsi zen.
Ordura arte ez bezala, 16 urte arteko nahitaezko hezkuntza ezarri zen (DBH) eta
ondoren, bi urteko batxillergoa, hautazkoa.
1997/1998
ikasturtean, Orereta Ikastolak Oiartzo Batxillergo Ikastolaren titulartasunaren
%75a zuen, eta Oiartzungo Haurtzaro Ikastolak gainerako %25arena. Oiartzo
martxan jartzea “erronka” handia izan zen. 2006ko abuztuaz geroztik berariazko
titulartasuna du Oiartzo Fundazioaren titulartasunarekin.
Euskalduntze prozesua
Hizkuntzari
erreparatuta, euskaldun kopuruak gora egin du herrian. Euskara zekitenak %29
ziren 1996an, %36,4 2006an eta kopurua mantentzen zen 2011ean, Soziolinguistika
Klusterrak kale erabileraren urte horretan azterketa egin zuenean.
Ezagutza eta kale
erabilera, baina, bata bestearengandik oso urruti daude oraindik Errenterian:
2001ean elkarrizketen %15,4 ziren euskaraz erdialdean. %16,3 bost urte geroago
(2006) eta hurrengo neurketaren arabera, %18,6.
Euskara oinarria
izanik, “ikasle eleanitzak sortzeko bokazioa” du Orereta ikastolak. Hizkuntzak
globaltasunean lantzeko, hizkuntzen laborategia du horretarako: Hizkuntza
Proiektua (HizPro).
Euskaraz Bizi eta
HizPro plan estrategikoaren barruan kokatzen dira; arlo motibatzailean:
euskararen erabilera sustatzeko, euskara maitatzea eta euskaraz gozatzea.
203an, Kalitatezko
Q Saria jaso zuen Orereta Ikastolak.
Eskola Kirola
sustatzeko egindako esfortzuagatik ere saritu zuen Orereta ikastola Gipuzkoako
Foru Aldundiak.
Euskal Curriculuma
Ikastolako
hasierako garaietan materialgintzan zegoen hutsunea ongi ase ezken urteetan,
hein handi batean Ikastolen Elkarteari esker eta han prestatzen den materialari
esker.
Euskal Curriculuma
dago oinarrian. Hezkuntzarako eragile gehiagorekin landu den kurrikuluma da,
baina Ikastolen Elkartea izan da horretan oinarrituta materiala sortzen
aitzindaria, eta Orereta ikastolak ere erabaki du bere ikasgeletan txertatzea.
Añabitarte baserria
Baserria eta bere lurrak 1973an Orereta ikastolak erosi zituen. Bazkideentzako elkartoki bezala antolatu zuen guraso talde batek. Aldamenean zegoen teilatupean bi gela antolatu zituen ikastolak, eta lehen solairuan beste bat. Inguruan jolasteko eremua sortu zen eta 1992an berritu zuten, atletismoko pistak jarriz eta beste zenbait kiroletarako baliabideekin.
BertsolaritzaBadira 26 urte
Xenpelar Bertso Eskolak Errenteria-Oreretan bertsozaletasuna indarberritzeko
lanari ekin ziola. Helduekin hasi ziren 1987. Urte hartan, baina segituan,
1990ean, lehenengo bi gaztetxoak hurbildu ziren Bertso Eskolara eta
bertsolaritzaren munduan murgildu ziren. Bertso Eskolak Orereta ikastolari
deitu ostean animatu ziren, eta urte hartan hasi zen egun bizirik dagoen
harremana.
Jangela
80. hamarkadan
Angel de la Guarda ikastetxearen zerbitzuak erabiltzeko aukera sortu zen.
1986an, beste akordio bat sinatu zen eta ikastolako langileak hasi ziren
zerbitzua ematen bertako instalazioetan: 6 langilek ematen zieten bazkaria
haurrei, eta euren zaintzaz arduratzen ziren.
Gaur egun, jangela
zerbitzua hiru eraikinetan eskaintzen da. Añabitarteko haurrak eta gaztetxoak
Angel la Guardara joaten dira. Herrian bertan Esmalteriako eta Linoko jantokiak
daude haur hezkuntzako ikasleentzat.
Etorkizuna
Eraikuntzak
berritzea da erronka nagusietako bat. Añabitarteko eraikinek ia 40 urte bete
dituzte, eta zaharberritze inbertsio handia batean buru-belarri ari dira
lanean.
Batzuek pentsa dezakete gaur egun balore batzuk ahuldu egin direla; beharbada antzina irakaslegoak ekimen pedagogiko gehiago sustatzen zituela eta kudeaketa profesionalizatzearen ondorioz irakasleen parte hartzea gutxitu egin dela, baina funtzionamenduaren eraldaketak egiteko erak eraberritu ditu.
Iruzkinak
Argitaratu iruzkina