Mikel Leitza

 

ELKARRIZKETA: 2022-03-03

Mikel Leitza


Ikastolako gurasoa eta ikasle ohi naiz.

Ikastolako kanpoko ekintzetan laguntza eskaintzen dut. Horretarako taldetxo bat daukagu osatuta. Ekintza ezberdinak egiten ditugu: Txosnak, Gau beltza, baserrian ez dakit zer jaialdia antolatu behar dela, …

Badago niretzat oso anekdota berezia: gu txikiak ginenean, gure gurasoak ikastolan sartu ginteztenean, nire gurasoek horrelako estutasun ekonomikoa bizitzen ari ziren, nire aita langabezian zegoen, eta matrikulatzeko dirulaguntza egon arren, nire gurasoek, ikastola ere zehazki zergatik ulertu gabe, ez zuten dirulaguntza hori eskuratzen. Hori dela eta, ikastolak erabaki zuen kuota ez kobratzea. Eta horrela egon ginen bolada luze batean. Beraz, neurri batean, badut ikastolarekiko horrelako errekonozimendua, horrelako eskertza. Eta pentsatzen dut nik ere lagundu behar dudala, nire terrenotik behintzat, oso gustura nago egiten dudanarekin.

ZURE USTEZ ZER FUNTZIOA BETETZEN DU IKASTOLAK?

Ikastolak beti, lehen bereziki, erreferentzialtasun handia izan du herrigintzan. Ekintza asko egiten ziren eta Ikastolak izen on bat zeukan, bai ikasketetan baita herrira ateratzen ziren gazteek fama ona zeukaten, pertsona bezala esan nahi dut.

Gaur egun asko zaildu da herrigintzako lana, herrigintzan nola asmatu… gero eta zailagoa da edozein herri mugimendu batentzat militantzia mentalitatea sortzea. Orokorrean gero eta indibidualistagoa gara, gero eta gehiago besteen eskutan uzten ditugu gauzak, …”nik kuota pagatzen det eta punto…”. Ez, lehen ikastolan bazegoen herria laguntzeko mentalitate gehiago, herri mugimenduaren mentalitate hori.

Gazteak begiratzea besterik ez dago: nola mugitzen ginen gu eta nola bizi diren gaur egungo gazteak, beste eremu ezberdinetan mugitzen dira, beste kezkak dituzte… teknologiak izugarrizko aurrerakada egin du, eta hor asmatu egin behar da. Eta gustatu ala ez, teknologia, telefonoak hor daude eta jakin beharko genuke hori ikastoletatik ondo erabiltzen.

Gaur egun oso zaila da jendea bilera batera deitu, ez dakit zer antolatzeko. Nire ustez, antolaketa eredua ere aldatu egin behar da. Eta jendeari lana eman behar zaio, ardura txikiak eta horretan, egiten duen horretan protagonista sentitu, eta baloratuta. Ez du balio “benga, bilerak egingo ditugu astero, kriston aktak idatziko ditugu, …” jendea eskema horietara erakartzea oso zaila da.

Ikastola oso anitza da, gurasoak, irakasleak, … pentsatzeko modu asko daude ikastolaren barruan: klase sozial ezberdinak, ideologia ezberdinak, … honek asko baldintzatzen du lan egiteko orduan. Ateak zabaltzen dituzunean, eta zalantzarik gabe zabaldu behar dira, aurretik azterketa bat egin behar da: nola integratuko ditugu gure izaeran, ikastolaren izaera babestuz, kanpotik datorren aniztasuna? Ariketa hau egin behar da bestela eztabaida zailetan jendea ez dago prestatuta etorkizuneko bideak hautatzeko. Adibidez, gaur egun publiko-pribatu eztabaida faltsu horretan murgilduta gaude. Niri inork ez dit hitz txar bat ere entzungo sare publikoaren kontra, jakin badakit une batean nonbait uztargarriak izan behar direla bi planteamenduak.

Ikastolari falta zaiona da garai batean nazio eraikuntzarako zeukan izate hori berreskuratzea eta gaurkotzea. Gaur egun, aldiz, galtzen joan da.

Beharrezkoa litzateke gaurko gazteei ikastola proiektuaren bilakaera zernolakoa izan den. Nik nire semeei ikastolarekin dudan atxikimendua azaltzen diedanean eta zergatik ikastolari laguntzen inplikatzen naizela azaltzen diedanean, erakusten duten arreta ikusita nire buruari galdetzen diot: ostras, agian ikastolaren funtzioaren barruan sartu beharko litzateke proiektu honen transmisioa ondo egitea. Agian horren bitartez ikastola beste kolore batekin ikusiko lukete. Gainera luzera begirako ondorioa ekarriko du nire ustez.

ZER LANA EDOTA NOLA TXERTATU KILOMETROAK ORERETA HERRIAN?

Ikastolak zailtasun handietatik sortutako ikastetxeak dira. Pribatutzat izendatzen badute ere, ikastolak derrigortuak sailkatuta daude kategoria horretan. Ikastolak herritik sortuak dira.

Zergatik gaur egun Korrikak sortzen duen horrelako militantzia? Zer sortzen digu korrikak? Azken finean aek ere ez dira udal euskaltegiak, mundu horretan ere gauza asko aldatu dira. Ni aek-an ibilitakoa naiz eta azken 25 urtetan mentalitatea asko aldatu da. Baina badago gaur egun, oraindik ere, mantentzen den ezaugarri bat: aek kalean gauzak egiten ditu, euskara eta euskal kultura erakusten du, ikasle berriak euskal munduan txertatzen ditu.

Zerbait asmatu beharko genuke interesa pizteko: Kilometroak dator! Gogoa laguntzeko piztu behar da, eta hor formatu berri bat asmatu behar da. Zaila da… asmatzea ez da erraza…

Orereta ikastolak 120-130 langile baditu, ezin dituzu banan eragile gisa tratatu, baina asmatzen baduzu jende guzti hori proiektu baten bueltan inplikatzea, orduan oso dinamika potente lor daiteke. Eta dinamika horiek pizteko pertsona jakin batzuk klabeak dira. Horrelako bizpahiru pertsonekin herria dantzan jarri daiteke. Horren adibide garbia Gau beltza da. Hasieran 2007an inguru Halloween hasi zen ospatzen eta ikastolako hainbat pertsonen iniziatibaz, Gau beltza ekimena herrian txertatu da. Hori izugarria da. Gaitasun eta indar hori ikastolak ez du galdu behar. Izan ere, bertan lortzen dena ez da soilik Gau beltza, horrekin batera jendea harremanetan jartzen da, komunitatea sortzen da, … herrigintzaren ikuspuntutik, ekimen horretatik lortzen den etekina oso handia da.

ZEIN ILDO LANDU BEHARKO LIRATEKE KILOMETROAK 23an?

Benetako komunitatea sortzea da niretzat helburu nagusi bat. Kilometroak tresna bihurtu daiteke komunitatea indartzeko. Eta komunitatea lantzeko lantaldeak sortu behar dira, lantaldeak naturalak, dagoeneko sortuak dauden lagunak eta koadrilak batzordeetan dauden funtzioetan inplikatuta. Ez alderantziz, ez batzorde baterako deialdia zabaldu eta jende ezezagunen artean lantaldea sortu. Koadrila bakoitzari galdetu: “zuek non ikusten duzue zuen burua, zertan lagundu nahi duzue?”. Gune natural hauek izango dira gero iraunkortasuna emango duen egitura. Zalantzarik gabe akuilu lana egin behar da, baina jendeari gustura arituko den arloetan lan egiten utzi.

Gainera Kilometroak urte batean antolatzen da eta askotan “Troya zaldia” bezala pasa besterik ez da egiten. Lortu beharko genukeena da herrian, ikastolan, zerbait iraunkorra uztea, Kilometroaken ondasuna.

Beraz bi helburu edota ildo nagusiak: Komunitatea eta iraunkortasuna.

NOLA LORTU GAZTEEN PARTEHARTZEA SUSTATZEA?

Lehenik eta behin, gaur egungo gazteek nola funtzionatzen duten ikusi eta aztertu behar da. Teknologia berriek duten eragina ikaragarria da. Aplikazioak igo, jaitsi, youtuberrak, ordenagailua, … telebistan dauden hainbat programa edota telesailak, … jakin behar da zer gustatzen zaien eta horren arabera erakarri.

Baina honetaz gain garrantzitsua da gazteekin harremana izan eta transmisioa ondo egitea. Alegia, jakin zer gustatzen zaien eta horren arabera eskaini edota proposatu partehartzea.

AZKEN GOGOETA:

Denborarekin kontu handiz ibili behar gara. Kilometroak antolatzeko denbora asko falta dela dirudi arren, denbora oso azkar pasatzen da eta konturatzerakoan bagaude aktibatu behar dugun aldi batean. Gaur egun bizitza oso azkar doa eta formatuak aldatu behar dira.

Iruzkinak

Blog honetako argitalpen ezagunak

Berrikuntza: etorkizuna bermatzeko bidea!