Itziar Navarro

Itziar Navarro


EKARRIZKETA: 2022KO URTARRILAREN 24AN

AURKEZPENA

Itziar Navarro

Orereta ikastolako Artezkaritzako Lehendakaria

Ikastolarekin harremana lehendik dator: Ikaslea

Profesioa: Irakaslea eta itzultzailea

ORERETA IKASTOLAREN KOMUNITATEAREN EZAUGARRIAK

Ikastolaren komunitatea oso anitza da. Komunitatea handia denez, oso familia ezberdinak daude bere baitan.

Ikastolaren proiektuarekiko, badira oso inplikatuta daudenak, proiektuaz sinesten dutenak eta, beraz, ekintzetan parte hartzen dutenak. Baina badira ere ikastola hezkuntza zentro bat bezala ikusten dutenak, eta horiek gutxiago inplikatzen dira egunerotasunean. Horiek ikastola izate hori ez dute modu berdinean bizitzen.

Langileen aldetik, pertsona inplikatuak dauzkagu ikastolan. Batzuk ikastolarekin urte askotan harremana izan dute; alegia, ikastolaren izaera eta balioak oso barneratuta dituzten pertsonak dira. Hemen, esan beharra dago, belaunaldi aldaketa, neurri batean, egin dela. Errelebo horretan gazteek oso ondo barneratu dute ikastolaren izaera.

Azken urteetan herrira iritsi diren etorkinekin, beste tokietan gertatzen den bezala, desoreka handia dago. Ikastolan familia hauetakoak oso gutxi ditugu bitartean, administraziotik egiten den planifikazioaren arabera, gehienek sare publikoan izen emana dute. (matrikulazio garaian, familia horiek sare publikoa hautatzen dute. Ikasturtean zehar iristen direnak administrazioak bideratzen ditu herriko ikastetxe batera edo bestera, eta gurera urte hauetan guztietan oso gutxi bideratu ditu).

Ikastolan, beraz, badira beste toki batzuetatik etorri ziren aurreko belaunaldiko seme-alabak, baina gaur egun era bat txertatuta herrian.

NOLA DAGO IKUSITA ORERETA IKASTOLA HERRITIK?

Orereta ikastola urte askotan herrian pisu handia izan duen erakunde bat da, batez ere euskalduntzeari lotuta. Bereziki euskarari beste ikastetxeek garrantzia ematen ez zioten garaietan. Beraz, Euskara eta euskal kulturarekin atxikimendua zuten familia guztiek bat egiten zuten Ikastolaren proiektuarekin.

Azkeneko urteetan ikusten ari gara errealitatea hau aldatzen ari dela, eskola publikoak ere egin du euskararen aldeko apustua eta hori garrantzitsua izan da familia gehiago erakartzeko, horien artean, batzuk ikastolako ikasle ohiak. Alde horretatik, beraz, ikastolarekiko euskara eta euskal kulturaren berreskurapenarekin egiten zen lotura gutxitu dela iruditzen zaigu, eta hori da une honetan indartu nahi duguna.

Guk, gure burua, erreferentzia bezala ikusten dugu, eta gure apostua ikasleak euskaraz eta euskal kultura barneratuta bizitzea. Hortxe dago gure erronka, baita kanpotik ere horrela ikus gaitzaten.

IKASTOLAREN ETORKIZUNA?

Jaiotze tasaren bilakaera ikusita etorkizuna ez da erraza izango, ez guretzat eta ez gainerako ikastetxeentzat. Guri dagokionez, alde batetik haur kopurua gutxitu da, bestetik gure herrira etortzen diren familia berriei ikastolara etortzeko bidea ez zaie batere errazten. Beraz, hauxe da ikastolak duen beste erronka potente bat. Azken finean, gure jendarteak bizi duen errealitateak gure geletan ere izan behar du isla. Baina horretarako bitarteko gehiago jarri behar ditugu, familia horiei errazteko ikastolara hurbiltzea.

ZERGATIK ORERETA IKASTOLAREN KOMUNITATEAK KILOMETROAK ANTOLATZEKO ERABAKIA HARTU DU?

Azken Kilometroak 1999an egin zen, urrun gelditzen da, azken boladan gero eta gehiago entzuten ari zen Kilometroak antolatzeko nahia eta gogoa. Aukera aztertuta, oso une garrantzitsua iruditzen zaigu zer garen eta zer egiten ari garen azaltzeko eta adierazteko Kilometroak jaiaz baliatzea.

Gainera, kontuan hartu beharra dago, gaur egun guraso dien belaunaldi horrek herrian Kilometroak ez duela ezagutu.

Lehenengo Kilometrotan, ni, ikaslea nintzen eta oso koxkorrak ez ginenez, ez genuen gehiegi parte hartu; bigarrenean, ikasle ohia nintzen eta hor gehiago parte hartu eta kolaboratu nuen.

Horrela, beraz, iruditu zitzaigun belaunaldi honi ere aukera eskaini behar zaiola, Kilometroak jaiak eta baita antolaketak ere bere baitan eskaintzen duen bizipen hori ezagutzeko. Hori guztia elkarlanaren testuinguruan ikusten dugu: profesionalak, gurasoak, ikasleak, herriko eragileak, …, jende ezberdinak proiektu baten inguruan lanean. Honako hau izan daiteke bide eraginkorra gure komunitatea bizi-berritzeko, parte hartzeko kultura hori sustatzeko.

Hitz batez: Ikastolaren parte sentitzeko eta bizitzeko aukera eskaini behar du Kilometroak-ek.

KILOMETROAK 23 JAIARI EMAN NAHI ZAION BEREZITASUNA

Kalitatezko esperientzia komunitarioa bizitzea.

Une historiko batean parte hartzea.

Atzetik datorren proiektuari jarraipena emateko beste pausua garela sentitzea.

Ikastola mugimenduak dituen bereizgarriak partekatzea:

        Geuk sortutako proiektua

        Atzetik datorren proiektua

        Proiektuarekin etorkizunean jarraitzeko gure esku dago: proiektuak etorkizuna izan.

Proiektu honetan komunitateko esparru guztiei parte hartzeko aukera eman (askotan ikasleentzat eta gurasoentzat gauzak pentsatzen ditugu, baina ez ditugu pentsatzen beraiekin).

Nazio ikuspegia ere. Ikastolak Euskal Herriko beste ikastolekin (Lapurdi, Nafarroa garaia) landu dituen harremanak ere Kilometroak jai eta dinamikan kokatzea.

Iruzkinak

Blog honetako argitalpen ezagunak

Berrikuntza: etorkizuna bermatzeko bidea!