Xabier Oleaga
EKARRIZKETA: 2022KO OTSAIAREN 4AN
Xabier Oleaga
Gaur egun
jubilatuta.
Gure haurrak, gure
bi alabak, eskolaratu genituenean sartu nintzen Ikastolen munduan. 1991an
eskolaratu zen Irati, zaharrena; 1993an Amaia, bigarrena. Handik urte betera
sartu nintzen orduan Orereta Ikastola Kultur Elkarteko (berau zen Orereta
Ikastolaren jabe sozietario titularra) Gida Batzordea deitzen zen zuzendaritza
organora, eta bi geroago izendatu ninduten elkarteko lehendakari. Horrela, 2006ra
arte. Tartean, 1995ean, Partaide Ikastolen Elkartera deitu zidaten,
komunikazioaren ardura hartzeko, profesional gisa. Partaidek Euskal Autonomia
Erkidegoko ikastolak elkartzen zituen urte haietan. Gero, ardura berarekin
jarraitu nuen Ikastolen elkartean, harik eta 2011an eszedentzia bat hartu eta
ikastolekiko lotura utzi nuen arte. Orain Ikastolen Lagunak elkarteko kide ere
banaiz.
Beraz oso urte
intentsoak bizi izan ditut Ikastolen mugimenduan, bai lan boluntarioan Orereta
Ikastolan eta bai Ikastolen Elkartean profesional moduan, beti ikastolen lagun.
GAURKO ABAGUNEA KONTUAN HARTUTA (HEZKUNTZA LEGE BERRIAREN
DINAMIKA), ZER FUNTZIO BETE BEHARKO LUKE IKASTOLAK?
Hekuntza Lege
berriaz, iruditzen zait oraindik asko falta dela zein lege aterako den jakiteko
eta beraz iritzi bat eman ahal izateko. Lege horren inguruan kontsentsu-gai
diren kontzeptu batzuk oso interesgarriak dira, baina ikusiko da legedian zein
garapen izango duten. Ez naiz optimista eta ez pesimista edo estzeptiko.
Zuhurra izan beharra daukat. Urte gehiegi daukat, eta beraz esperientzia zein
eskarmentu maila bat ere bai, azken mamia ikusi arte txeke zuriak sinatzen
hasteko.
Bestalde, esan
beharra daukat, ikastolen munduan sartu nintzenean ez nituela ikastolak
sakonean ezagutzen. Abagune berezi batean sartu nintzen: garai horretan
ikastola asko publifikatu ziren Eusko Jaurlaritzaren lege berri baten harira.
Orereta ikastola
zen ikastola mugimendu historikoan jarraitzearen alde hautua egin zuen horietako bat.
Geroztik konturatu
nintzen ikastolek zer eragina duten Euskal Herrian, zer garrantzia duten
gizartean. Konturatu nintzen ikastolak herri, nazio proiektu bati lotutako ekimena
zirela, hezkuntzaren alorrean. Konturatu nintzen EAEn eta Nafarroa garaian
(Ipar Euskal Herria hezkuntza sistema ezberdina da) ikastolak ez zeukala
eragina bakarrik zentro bakoitzean, zein haur edo familiengan, baizik eta hezkuntza
sistema osoari eragiten ziola. Sistema bera oso desberdina izango litzateke ikastolarik
gabe. Ikastolek hezkuntza sistema osorako ikasmateriala sortzen dute, 4500
irakaslez osatutako gorputz dozente sendo eta kohesionatua daukate eta ia 58000
ikasle. Hezkuntza sistema osatu bat da, bere horretan, sistema orokorraren
barruan. Ez dakit jendea ohartzen den estrategikoki, proiektu nazional baten
barruko hezkuntza proiektu bezala hartuta, horrek daukan garrantziaz. Hasiera
batean ikastolak ez ziren ezer, gogo bat bakarrik. Ez zeukaten lokalik, ez
irakaslerik ez eta ikas materialik. Gaur egun, traba guztiak gainditzeaz gain,
industria oso bat eta, esan bezala,
sistemaren barruko azpisistema bat izatea lortu dute.
Euskal hezkuntza
sistema ikastolen presentziarik gabe beste bat litzateke. Oliontzi onak kanporako zein barruko balio duela esan ohi
da, Ikastolak ere, oliontzi onak bezala, barrurako zein kanporako egiten du
ekarpena.
ZER BIHURTU DA IKASTOLENTZAKO GOGO HORI GAUR EGUN?
Ikastolak, gaur
egun, EAEko irakaskuntza sareko %12a izango da seguru aski. Ez dakit zein
protzentaia den Nafarroan eta Iparraldean. Eragilea izateko nahikoa da. Egoera
soziopolitikoaren arabera, proportzio hori gora edo behera joan daiteke. Baina
ikastolak osasun onez mantendu behar dira herri honetan.
Hori bai, batzuetan
inpresioa ematen dit ikastolek oraindik eraiki gabe daukatela XXI. mendeko errelatoa.
Batzutan badaukat inpresioa hezkuntzako errutinatan mantentzen direla ikastolak
gehiegi. Ardura handiko errutinak, zalantzarik gabe, baina ikastolek areagotu egin
behar dute gizartean zabaldu beharreko diskurtsoa. Iruditzen zait gauden mende honetarako
diskurtso hori ez dagoela behar bezala garatuta. Euskal gizartean zer eta nor
garen kontzientzia aktibo batez azaldu behar dugu gure diskurtsoa, ez
lehiakortasun aldartearen araberakoa bakarrik.
NOLA LAGUNDU DEZAKE KILOMETROAK DINAMIKAK ETA JAIAK ILDO
HORI GARATZEKO?
Jaiak Ikastolen
mugimenduaren balio bat dira. Funtsezkoak izan dira ikastolen errelatoaren
barruan. Beraz, nik uste dut jaiak mantendu behar direla. Une honetan urrun
nago ikastolen dinamikatik, errezetak proposatu ahal izateko.
Aspalditik dago
gogoeta ikastoletan, jaiak egokitu beharrari buruz. Sorrerako, ikastolen eta
jaien sorrerako, ereduei oso lotuta ikusten ditut jaiak, eta nabarmena da
egokitu beharra. Azken izurriteak
aldaketa asko eragin, edo aurrera arazi, ditu. Agian une egokia da horretarako.
Badakit jakin
arazoa ez dagoela aldatu beharraren kontzientzian. Hori badago. Arazoa da zein
eredutara aldatu, zein irizpiderekin. Estrategia berriak asmatu beharko dira.
NOLA TXERTATU LEIKE KILOMETROAK ORERETA HERRIAN?
Orereta herriak,
Errenteriak, baditu berezitasun batzuk, hezkuntzaren harira ere. Eta hemen
egingo den Kilometroak-ek berezitasun horretara egokitu beharko du. Guk 1999an
egin behar izan genuen ariketa hori.
Gaur egun
ikastolako guraso gehienak ikastolako ikasle izandakoak dira. Errealitate
honek, ikuspegi soziologiko batetik, proiektu bati dagokionean, asko esan nahi
du onerako. Kontu handia hartu beharko da mugimendu endogamikoa ez bihurtzeko,
baina aurrekoa oso datu ona da. Horrek esan nahi du, ikastolatik pasatako ikasleak
ikastola proiektuarengan sinetsi bakarrik ez, proiektu horri atxikita
jarraitzen dutela. Faktore hau oso garrantzitsua da inplikazioa lortzeko. Izan
ere, gaur egun ikastola oso ondo ezagutzen duen jendea ikastolako arduretan
inplikatu izatea abantaila handia da.
AZKEN GOGOETA
Lehen aipatu dut
XXI. mendeko ikastolen diskurtsoa garatu behar dela. Nire ustez, XX. mendeko
ikastolen fokua euskararengan, hizkuntzan, jarrita zegoen. Hizkuntza hedatzeko,
gizarteratzeko. Ondo, korrekto. Baina XXI. mendeko fokuak, nire ustez, euskarari
oraindik ondo erreparatu behar bazaio ere, berri txarrak baitauzkagu
erabilerari buruz, fokua diot, Euskal Curriculumaren gainean egon beharko
litzateke.
Gure eskola, ez
bakarrik ikastola, baizik eta hezkuntza sistema, Euskal Curriculumaren lanketa
eta hedapenean murgildu beharko litzateke. Eta hori maila guztietan aztertu
beharko da. Ez bakarrik Curriculumaren diseinuan, baizik konbikzioa sortzeko
eta eragiteko lanketan ere.
Jakin badakit hau
guztia oso lotuta dagoela gizarteak herri eta nazio izateko une historiko
honetan azalduko duen aspirazio maila eta erabakimenarekin, baina ikastolen
mugimenduarentzat ez da aitzakia izan behar fokua hor jartzeko.
Beraz, nik oso
garbi daukat: XX. mendean euskara; XXI. mendean Euskal Curriculuma. Ikastolek
hartzen ez badute lekuko hori, ez du inork hartuko.
Nazio proiektuak
zer eboluzioa izango du XXI. mendean? Euskal lurretan gertatutako Historia
hezkuntza sistema guztian emateko aukera izango dugu? Egiten diren etapa
ezberdinenentzako azterketak (batxilergoa amaitzean, kasu) Madril edota
Parisetik etorri beharrean gu geuk egiteko eskuduntza erreklamatuko da? Euskal
Hezkuntza sistemak nahiko eskuduntzak izango ditu horretarako?... Hori guztia
ez da lortuko norbaitek bultzatzen ez badu. Nork bultzatu behar du? Euskal
gizarteak egin behar du, baina ez du egingo ikastolek aitzindari papera hartzen
ez badute.
Iruzkinak
Argitaratu iruzkina