Garazi Urdanpilleta

 

EKARRIZKETA: 2022KO OTSAIAREN  4AN

 

AURKEZPENA

Garazi Urdanpilleta Amiano

Lanbidez kazetaria naiz.

Orereta ikastolako Ikasle ohia naiz eta bi alabak Ikastolan ditut (LH2 eta HH5).

LH eta HHko gurasoen batzordean nago, bereziki, lau gurasoen artean, HHko Guraso batzordea koordinatzeko ardura daukagu.

NOLA DEFINITUKO ZENUKE ORERETA IKASTOLAREN KOMUNITATEA?

Komunitatea oso handia da, bere alde on eta txarrarekin. Bereziki saretzeko unean, handia izateak lan edota esfortzu gehiago eskatzen du.

Esan beharra dago ikastolan interes handia dagoela seme-alaben hezkuntzarekiko, eta edozein gauzetarako deia eginez gero jendeak erantzuten du.

Azken urtetan arrakasta handia izan du ikastolaren egituraketa berriak. Egitura bertikalak sortu beharrean jendeak egitura horizontalaren alde egiten du. Horretaz sinesten duen komunitatea da ikastolakoa. Lehen, pertsona bakar baten ardurapean banatzen edota izendatzen ziren ardurak, gaur egun, berriz, taldeak hartzen du bere gain sortzen diren ardurak. Horrek asko laguntzen du gurasoak inplikatzeko unean. Azken urteetan eman den aldaketa hau komunitatearen ikuspuntuan oso aberasgarria izaten ari da. Azken finean dinamika eta egituraketa horizontal honen bidez lana, emaitzak, poza, … dena banatzen da, lana kolektibizatzen da. Horrelako dinamika batean askoz babestuago sentitzen zara.

Oso gustura gaude funtzionamendu honekin.

ANIZTASUNARI ERREPARATZEN BADIOGU, NOLA UZTARTZEN DA ORERETA HERRIAN DAGOEN ANIZTASUNA IKASTOLAN BERTAN DAGOENAREKIN?

Esan beharra dago Guraso dinamika honetan murgilduta gaudenok, etorri berrien fenomenoari erreparatuz, ez dugu aniztasun hori islatzen. Asko ikasle ohiak gara, asko euskal hiztunak gara, euskara etxetik jaso dugunak gara asko, beste herri edota komunitatetik datozen pertsonek agian ez dute hainbeste gure egituretan parte hartzen.

Horrek ez du esan nahi komunikazio edota harremana ez dagoenik. Edozein zalantza edota laguntza eskaeraren aurrean pertsona hauentzat bagara erreferentea. Baina asmatu beharko genuke bideren bat familia horiengana gehiago hurbiltzeko eta eurak ere ikastolako komunitateko kide sentiarazteko.

ZEIN DA GURASOEN FUNTZIOA IKASTOLAN?

Gurasook bidelagun gisa ikusten dugu gure burua eta funtzioa, bidelagun modu eraikitzailean. Gure seme-alaben heziketa prozesuan, gurasook badugu gure laguntza emateko aukera, eta ikastolako hezkuntza egitura guztiekin lankidetza modu eraikitzailean eta partehartzailean gauzatu nahi dugu. Gurasook ez gara ikusle soilak izan behar, ez, gune erabakitzaile horietan ere parte hartzen dugu eta, ahal dugun neurrian, gure ekarpena egiten dugu.

Izurritearen ondorioz, ikastolan jarraipen batzordea guraso batzorde eta zuzendaritzaren artean koordinazio lana egiteko erabili zen. Hasiera batean izurritea arrazoi nagusia bazen ere, dinamika horrekin jarraitzea erabaki dugu. Oso organo interesgarria eta azkarra da; egunerotasunean sortzen diren egoerak kudeatzeko bide zuzena eta azkarra da jarraipen batzorde hau.

GURASOEN IKUSPUNTUTIK NOLA IKUSTEN DUZU KILOMETROAK JAIA?

Dena dago egiteko. Eredu berriaren hausnarketatik praktikara eramateko dena dago egiteko. Aurten Ibarran arretaz aztertuko dugu ematen diren pausu berritzaileak, baina ondoren gure esku dago dinamika berri honen ardura neurri handi batean.

Lehenik eta behin, garrantzi handia eman nahi diogu ikasleen partehartzeari. Ez genuke nahi ikasleak ikusle soilak izatea. Izan daitezen zerbait egitera datozen gazteak, baita jaia antolatzeko unean ere. Adibidez, gazteen artean musika talde ugari daude: interesgarria litzateke Kilometroak jaia berentzako ere aukera bat izatea (telonero funtzioetan, beste taldeekin batera jotzeko aukera eman, …).

Bigarrenik, Kilometroak-ek topagunea izan behar du. Eredu berri honetan Kilometroak jaia izaten jarraitu behar du, baina jaia topagune gisa ikusten dugu guk: beste herri, eskualde, lurraldeko pertsonak elkar ezagutzeko testuingurua izan behar du gure jaia. Pertsona ezberdinak ezagutzeko parada, euskara ezberdinak entzuteko aukera, …topagune ikusmolde honek guzti hau barne-bildu beharko luke.

NOLA IKUSTEN DUZU KILOMETROAKEN ANTOLAKETAN GURASOEN INPLIKAZIOA?

Lan taldeak sortu behar dira eta pertsona bakoitzari gehien aportatu ahal duen horretan parte hartzeko aukera eman. Adibidez, arropa salmentarako Oñatira joan behar bada, koadrila batek bertara joateko ardura har dezake, eta ondoren egun pasa edota bazkaritxo bat egin eta buelta. Alegia, bete beharreko lan eta ardura hauek gurasoak saretzeko balio edota tresna izan behar dute ere. Komunitatea indartzeko balio handia du ere.

ETA GAZTEEN INPLIKAZIOA?

Gazteen kasuan salto birtuala eman behar dela iruditzen zait. Sareak, mila plataforma daude, … eta horiek gazteek guk baino askoz gehiago ezagutu eta erabili egiten dituzte. Horrela Kilometroakek gazteak erakarriko dituen beste eskaintza bat egongo da. Sare sozialak ez dira soilik informazioa partekatzeko esparru bat, sortzeko ere bada. Gazteek hori bideratu eta kudeatu dezakete, hori baita beraiek ondo menperatzen duten esparrua.

NOLA IRUDIKATZEN DUZU ORERETAN ANTOLATU BEHAR DUGUN KILOMETROAK: ZER EZAUGARRI HARTU ETA ZER BAZTERTUKO ZENUKE?

Lehen esandakoaren haritik, musika taldeak eta ikasle musikarien arteko elkarlana sustatuko nuke. Kontzertuak bai baina buelta bat emango nioke kontzertuak antolatzeko erari. Partehartzea da niretzat ezaugarri garrantzitsuena. Gazteek aukera izan behar dute antolatzeko zein kultur adierazpen ezberdinetan sortzaileak izateko ere.

Maiz ikusten dugun jaiak ospatzeko gazteek duten mozkortze jite hori baztertu nahiko genuke, noski. Baina horretarako beste aukerak eskaini behar zaizkie.

Kilometroak jaia Gipuzkoako ikastolen jaia izan arren, Oreretan herrian dauden beste ikastetxeekin batera elkarlan edota dinamika partekatua lortu beharko genuke. Ea lortzen dugun herriko jaia izatea ere.

Ikastolak herriari dinamika interesgarria izan daiteke herri mailan kontzeptu hori lantzeko. Agian elkarlan hori lortzeko konplizitatea da lortu beharreko lehenengo sentipena. 

Iruzkinak

Blog honetako argitalpen ezagunak

Berrikuntza: etorkizuna bermatzeko bidea!