Josemi Zabala

 EKARRIZKETA: 2022KO MARTXOAREN 18AN



Josemi Zabala Ganborena

AURKEZPENA

1979an hasi zen nire ibilbidea ikastolan, ikasketak amaitu eta handik gutxira hasi nintzen ikastolan lanean. Bi urte ez ziren pasa eta lehendakariak LHko ardura hartzeko deitu zidan. Geroztik beti arduretan ibili naiz: urte mordoxka LHn, gero DBHn eta amaitzeko zuzendari nagusi edo gerente gisa aritu nintzen 2017. urtera arte.

Oreretan antolatu diren bi Kilometroak lehenengo lerrotik ezagutu ditut. Kilometro horiek, gainera, ez ziren oraingoan bezala. Gaur egun Ikastolen Elkartetik jartzen diren baliabideek asko errazten dute antolaketa orokorra: egituratze bat badago, laguntza teknikoa ere bai. Gaur egun marko oroko bat badago, ez garai hartan bezala; 1984an antolatu genuen Kilometroak horretan dena egiteko zegoen, eta arazoen aurrean norberak irtenbideak bilatu behar zituen.

ZEIN DA IKASTOLAREN FUNTZIOA?

Ikastolaren funtzioa hezitzailea da nagusiki. Kalitatezko heziketa, bere hezkuntza proiektuan oinarritua. Ikastola hezkuntza proiektu bat da. Baditu bere berezitasun eta ezaugarri propioak; hala nola, euskalduntasuna, herriarekiko eta herritarrekin duen lotura eta harremana. Izan ere, ikastolak gurasoek sortutakoak dira.

Azken urte hauetan ikastolak kooperatibaren egituraketa bere egin du. Horrek ere nortasun propioa ematen dio ikastolari. Kooperatiba ikasleak, gurasoak eta irakasleen arteko antolaketa eta kudeaketa mota bat da azken finean. Antolaketa hau bada ere beste hezkuntza saretik ezberdintzen gaituen ezaugarria. Kooperatiba izatean ikastolari titulartasun mota berezia eskaintzen dio. Gurea ez da sare pribatua bezala, gure titulartasuna bazkideak diren baino haratago doan eskaintza soziala da. Gurea ez da sare publikoa bezala; gure titulartasuna ez dago erakunde publikoen esku. Kooperatiba izateak zerbitzu publikoa eskaintzea suposatzen du eta titulartasuna gure eskutan egon arren, ikastolen bokazioa beti herriari zerbitzu bat eskaintzea izan da.

Ikastola bere sorreran kultur elkarte bat zen eta 2008. urtean ikastola kooperatiba bihurtu zen.

ZURE USTEZ ZEINTZUK DIRA IKASTOLAK UNE HONETAN DITUEN ERRONKAK?

Une honetan ez nintzateke ausartuko erronka zehatzak esaten. Nire azkeneko 10-15 urteetan inbertsio ekonomiko oso garrantzitsuak eta potenteak egin genituen ikastolan. Kudeaketa ekonomiko zorrotza egin eta inbertsio potente batzuk egiteko gai izan ginen. Badakit ondoren bide horretatik jarraitu dela (HHko instalazioak, Pedagogia berriari lotuta instalazioen berrikuntza, …). Ez dakit egitasmo guzti hauek amaitu diren, baina Kilometroakek duen xede nagusien artean dirua lortze denez, nire ustez diru hori ikastolak dituen premia horietan inbertitzeko erabili behar dela.

Hortxe dago gure baserria, guztiz zaharkituta dago. Arkitekto batek egindako proiektua egina utzi nuen nire gerentzia amaitu nuenean hura berritzeko, diru asko behar zen, eta beraz, izan daiteke Kilometroak jaiak erraztu dezaken proiektua eta inbertsio berria.

Baina diruaz gain, Kilometroakek baditu beste helburu batzuk ere: hala nola, euskarari eta euskararen erabilerari bultzada ematea; herrian euskalduntasuna sustatzea; herri erakunde ezberdinekin, udaletxearekin hasita, herriko elkarteekin harremana sendotzeko aukera paregabea da; … nire ustez hauek izan daitezke aurrean ditugun erronkak, ez bakarrik Kilometroak egunerako, aurretik martxan jarriko diren dinamiketan harremana sustatzeko baizik.

GIZARTEAN EMATEN DIREN FENOMENO BERRIEN AURREAN, NOLA EGOKITU BEHAR DA KILOMETROAK JAIA?

Jakin badakit azken urte hauetan ahalegin berezia egiten ari dela Kilometroak jaia berritzeko edota egokitzeko, eta nahiz eta gaia gertutik ez ezagutu, gure garaian hainbat gazteek ematen zuten itxura edota irudia kezka nagusia zen.

Jaia nola ospatu behar den eta Kilometroak jaiaren testuingurua zein den argitu behar da antolaketatik, nahi ez ditugun egoerak ez sortzeko. Ahalegin bat egin behar da zentzu horretan. Saiatu behar da egoera bir-bideratzen eta jaia modu jatorragoan ospatzen.

Ez dugu ahaztu behar gainera, kanpotik begi asko ditugula begira eta modu maltzur batean erabiliko dutela gu desprestigiatzeko.

Nola egin behar da hori? Bada, Ikastolen Elkartean badago erreflexio bat egina eta bide horretatik sakontzen jarraitu behar da.

JAIAREN ANTOLAKETAREN OINARRIZKO FUNTZIONAMENDUA AUZOLANA DA. AUZOLANA GUZTIZ ERLAZIONATUTA DAGO IKASTOLAK DUEN IZAERA KOOPERATIBISTAREKIN. NOLA IKUSTEN DUZU KILOMETROAK JAIAREN ANTOLAKETA?

Nik ezagutu ditudan Oreretan egin diren aurreko bi jaietan gurasoak izan ziren, bereziki, jaiaren antolaketan inplikatu zirenak. Batzorde nagusian ere gurasoak ziren lanaren karga gehien eramaten zutenak, nahiz eta langile batzuk ere baginen. Herriko hainbat elkartek ere lagundu zuten.

Oraingo honetan irakasleen inplikazioa ere lortu beharko genuke, eta baita ikasleena ere. Behar bada, artezkaritzak horrelako batzorde anitza osatu beharko luke. Hori guztia kontutan hartuta gaur egun, lehen ez bezala, Ikastolen Elkartetik eskaintzen den lan teknikoa oso garrantzitsua dela.

Beraz, nik hiru gauzei lehentasuna emango nieke: Gurasoen partizipazioarekin jarraituz, irakasle zein beste langileen inplikazioa lortu; ikasleei aukera eman jaiaren antolaketan parte hartzeko; eta, lehen adierazi dudan bezala, herriko eragileekin elkarlana sustatu eta gauzatu.



Iruzkinak

Blog honetako argitalpen ezagunak

Berrikuntza: etorkizuna bermatzeko bidea!