Kilometroak jaiaren eredu berria
Kilometroak jaiaren eredu berria
Oinarrizko premisak
Argi dago burutu
berri den hausnarketa aldiaren ondorioei erreparatu gabe ezin dela jai eredu
berri baten proposamenik luzatu. Horiei erreparatu behar lehenik beraz. Egin
dira Gipuzkoako ikastolaren komunitatean bilerak, lan saioak, galdeketak,
hizketaldiak, elkarrizketak, dokumentuak … Gipuzkoako ikastolen jaia,
Kilometroak, ardatz hartuta analisi zorrotza burutu du ikastolakide,
ikastolazale askok. Jaiaren historia aztertu da, nondik gatozen, gaur arteko
bidean izaniko bilakaera eta egungo egoeraren analisi sakona egin da. Lasai
esan dezakegu: konplexurik gabe ireki dugu kanalean Kilometroak, barruak ikusi
dizkiogu, piezak askatu. Finean, hori izan da Kilometroak Bidea.
Orain analisi
horrek guztiak emandakotik proposamenak egiteko tenorea da, baina zer ondorio
eman du bada Kilometroak Bidea hausnarketa aldiak?
Irakurgai daude
prozesuaren baitan aldian-aldian egin diren lanketa-jardueren (topaketa,
bilera, elkarrizketa …) ondotik sortu diren dokumentuak guztion eskura www.kilometroakbidea.eus
gunean.
Hona hemen, beraz,
Talde Teknikoan guztion artean jaso eta sintetizatutako oinarrizko premisak.
I. IKASTOLEN
MUGIMENDUAREN MISIOAREN ISLA
- ·
Ikastolak gune naturala du:
Hezkuntza.
- ·
Bere hedapena indargunea da:
Euskal Herri osoa.
- ·
Bere aldarrikapen historikoa:
Euskal Hezkuntza Sistema propioa.
- ·
Bere komunitatea antolatzeko
egitura: kooperatibismoa.
Ikastolen jaiak misio horren isla zuzena izan beharko luke. Urtero ikastola bakoitzak bere komunikazio ildoa sortu behar du, baina horri “txapela” jarri behar zaio eta, xede nagusi baten arabera, jarraikortasuna duen misioa ikur bilakatu behar da.
Euskal Hezkuntza
sistema propioaren aldarrikapena ildo nagusia izango da. Baina
kooperatibismoaren gaia enpresa antolaketaren zerbitzurako baino haratago
eraman behar da.
Pertsonen arteko
harremana, taldea-komunitatea osatzeko sentipena, lanari aurre egiteko
ikuspegia, … ezaugarri asko daude azpimarratzeko.
Misioa zehaztea
etorkizunari begira proiekzioa egitean datza. Datozen urteetan edota urtean
heldu nahi diogun xede nagusia zein, gure misioa hor. Horregatik Misioa
nazionala izan behar da, hau da, bost jaiek jaso behar dute misio orokorra.
Ondoren Misio horren garapena etorriko da, eta horretan lurralde bakoitzak, bere
idiosinkrasiari erreparatuz, nazio mailako misioa egokitu beharko du.
Urte bati begira
egiten den misioa, abagunearen arabera ere egokitu behar da. Unean uneko
gertakizunek, misio orokorra ardatz hartuta, azpi-misioa zehaztea eskatzen
dute.
Misioa izateak
komunikazio plan indartsu bat lantzea eskatzen du. Hedabideak, komunikabideak
eta jendartearen komunikazio bideak era planifikatuan lantzeak lan koordinatua
eta iraunkorra eskatzen du. Ikastolen jaia Ikastolen mugimenduaren erakusleiho
indartsua da, eta bere misioaren mesederako erabili behar da.
II. IKASTOLEN ELKARTEA SENDOTZEKO JAIA
EHI Euskal Herriko
Ikastolak Europar Kooperatiba Elkartea erakunde modernoa izan arren, ikastolek
urteetan erakundetzeko izan duten nahiaren emaitza da; ikastolen mugimendua du
oinarri, eta mugimendu horren iturria ikastoletan aurkitzen da.
Ikastolen aldeko
jaia horren isla zuzena da. Jaia antolatzen duen Ikastolak urte osoan zehar
auzolanean dihardu proiektua aurrera eramaten, eta EHIk, jaiak antolatzeko duen
eskarmentutik, hainbat zerbitzu eskaintzen dizkio, teknikarien bitartez.
Ikastolen aldeko
bost jai antolatzen dira Euskal Herri osoan. Beren arteko koordinazioa ez da
maila teknikotik harago joaten (funtzionala), eta nahiz eta maiztasun batekin
bildu, naziotasuna zer den eta nola sakondu behar den ez da lantzen. Bide
horren alde saiakera bat baino gehiago egin arren, azpimarratzekoa da ez dela
emaitzarik lortu.
Kilometroak bidea prozesuak
kontzeptualki urrats handiak egiten ari da, baina hura gauzatzeko
mugimendu-korporazio aldetik behar den egokitzapena sortu behar da.
Denok osatzen dugu
EHI, eta bertan lortu behar dugu adostasuna. Adostasun horretatik Ikastolen
jaia antolatzeko beste ikusmolde bat sortu behar da non Ikastolen jaiak EHIren
dinamikan guztiz txertatuta egongo diren, eta non EHIren baliabideak
konpartituak egongo diren Ikastolen jaien eredu berria gauzatzeko, sinergiaz
baliatuz.
III. IKASTOLEN KOMUNITATEA SENDOTU
Lehentasuna
Ikastolen artean osatzen den komunitatek dauka. Komunitatea sendotzeko asko
lagunduko du guztion misioa zein den jakiteak eta denok batera horren alde
egiteak. Ikastolen komunitate honetan inbertsiorik handiena gazterian egin
behar da. Beren neurriko jaia antolatu behar da; ez gazteei zuzendutako helduen
ereduaren araberako jai bat.
Kilometroak ez da
jai pribatua izango, bertara etorri nahi duen edonor gonbidatua izango da. Hala
ere, etorriko den jendea guk antolatuko dugun jaira etorriko da, guk sortu nahi
dugun girora hain zuzen ere. Jendea erakarri nahian, ez dugu besterik gabe
orokorrean jendarteak eskatzen dituen ezaugarriak erreproduzitu behar; eta gure
xedeei eutsiz, jaiaren misioarekin bat ez datozen ezaugarriak detektatu eta
baztertu behar ditugu.
Hala, ikastolen
jaiak ezaugarri hauek bultzatuko ditu:
- Euskal Hezkuntza Sistema Propioaren aldarrikapena
- Ikastolen eredu sozio-kulturalaren sustapena
- Egun osoan euskara erabiltzeko konpromisoa
- Ludikotasuna medio, taldean giroa eraikitzeko gogoa piztea
- Jaiaren partaide aktibo izateko prestasuna bultzatzea
- Jaia euskal kulturaren adierazpide ezberdinen plaza izatea
- Beste ikastoletatik etorritako jendea ezagutzeko grina piztea
- Ikasteko, irakasteko, esperientziak elkar trukatzeko prestasuna
Ikastolen
komunitatea adinez zabala da eta adinen arteko harremana ahalbidetzeko gune
aproposa izan behar du jaiak.
IV. KONTSUMOA
MURRIZTU; PARTE-HARTZEA AREAGOTU. LUDIKOTASUNAREN BITARTEZ AURREZ AURREKO
HARREMANAK SENDOTU
Asko hitz egiten da
kontsumoaz Ikastolen jaiak aztertzen direnean. Gaur egun ezinezkoa da
kontsumoaren dimentsiotik ihes egitea eta bizi garen sistema honetan norbanako
bakoitzak kontsumorako subjektu potentziala gara. Jaiari kontsumoa gehitzen
badiogu automatikoki jai eredu mota zehatza irudikatzen dugu non txosna,
oholtza eta kontzertua ezinbesteko osagaiak diren. Ikuspegi hori irauli,
kontsumoan oinarritutako jai moldea baztertu, eta nahiko genukeen eredua
irudikatzeko ordua da.
Ludikotasuna lerro
nagusia izango da jai eredu berri honen ezaugarria. Parte-hartzea sustatu behar
dela esaten denean ez dugu baztertzen ikusleentzako tokia, baina parte-hartzea
Ikastolen auto-ekoizpenean oinarritu behar da. Ikastolak sormenerako eta Euskal
Kulturaren sustapenerako erreferente izatera bultzatu behar dira, eta Ikastolen
jaia lan eta inbertsio horren emaitza izango da. Dinamikak berritzailea izan
behar du, eta Euskal Kulturari norabide eta errealitate berria eskaini beharko
lizkioke. Ikastolak izan daitezen Euskal Kultura berri bat sustatzeko hauspoa;
Ikastolen jaiak hauspo horiek akelarre bizia ospatzeko piztuko duen su bero eta
argia izan daitezen.
V. NAZIOTASUNA
INDARTU
Zazpiak bat
leloaren bitartez nazio bat garela adierazi ohi da. Bostak bat leloak osatzen
du ikastolen nazio mugimendua, eta, urteen poderioz zatiketa administratiboek
eragin duten kalteari aurre eginez, gaur egun, oraindik ere, babes sozial
handia jasotzen duen mugimendua da Ikastolarena.
Zatiketa
administratiboak naziotasuna lantzeko eredu batera eraman gaitu: “naziotasuna =
koordinazioa”. Horren arabera harreman asimetrikoak sortu dira eta erkidego
bakoitzak duen ezaugarri soziokulturala bermatu nahian, “esku-hartzerik gabeko
harremana” sortu da.
Naziotasuna
lantzeak, ordea, bestelako sakontasun bat, enpatia bat eta erronka bat suposatu
behar du. Naziotasunak ez du patrimoniorik, lurralde bakoitzak bere jardueran
barneratu behar duen ezaugarri eta sentipena da. Zalantzarik gabe
naziotasunaren oinarrian harremana dago. Gure nazioa txikia izan arren anitza
da, eta aniztasun horrek elkar ezagutzarako eta harremanetarako lanketa berezi
bat eskatzen du. Ikastolen Jaia plataforma ezin hobea da Naziotasunari aukera
bat emateko eta gure komunitatearen barnean zubiak eraikitzeko.
Bostak bat:
errealitate anitzak baina komunitate bakarra. Jakin badakigu nondik eta zertarako
sortu ginen; ba al dakigu nora goazen? Ikastolen mugimendua hezkuntza alorrean
dagoen nazio sare bakarra da eta betidanik bere aldarrikapen sutsuena Nazio
Hezkuntza Sistema sortzea izan da, eta da gaur egun ere. Euskal Herriko
Ikastolek bost jaiak dituzte; zein da jendarteratzeko guztion artean dugun
espazio komuna?
VI. MISIOAREN ARABERA JAIAREN XEDE EKONOMIKO ERRENTAGARRIA BIRKOKATU
Kilometroak
bidearen testuinguruan egin ditugun azterketen ondorioz, misioari garrantzi
gehiago eman behar zaiola azpimarratu da. Hala ere, jaiaren bitartez eskuratzen
den errentagarritasun ekonomikoari ezin zaio guztiz muzin egin. Halaber,
Ikastolen jaiaren antolaketaren prozesuan bi aldi oso zehatz finkatuta daude:
Egunaren aurreko aldia batetik eta eguna bera bestetik. Azken urteetan
Kilometroak egunak dituen ezaugarri ekonomikoak asko aldatu dira, eta jada ez
du etekin ekonomiko handirik uzten, egun bakar batean mugitzen den diruaren kopurua
oso handia izan arren. Honek zer esan nahi du? Gastu handiko jaia dela eta
egunean bertan lortzen den dirutik
gastuak estaltzen
saiatzen dela. Termino ekonomikoetan, beraz, arrisku handiko jaia da gurea.
Hala ere, nahiz eta horrelako tamainako jaia antolatu eta horrelako arriskuak
hartu, gure jaiaren misioa lausotua dagoela esaten jarraitzen dugu. Orduan
zergatik jarraitzen dugu horrelako jaiak antolatzen? Zeri erantzuten dio
horrelako ereduak, gure nahi eta interesi edo jendarteko hainbat interes merkantilistatik
gure jaian aurkitutako erakusleihoaren erabilpenari?
Urtean zehar
Ikastola guztiak inplikatu behar duten dinamikak antolatu beharko dira, eta
horren bitartez jaiak etekin ekonomikoa lortzeko premia horretatik askatu
beharko genuke.
VII. IKASTOLEN ALDEKO
JAI EGUNA, URTE OSOKO PROZESUAREN EMAITZA
Ikastolak erakunde
autonomoak dira. EHI Euskal Herriko ikastola guztiak batzen duen kooperatiba
da. Guztion artean mugimendu historikoa osatzen dugu. Batura hori gauzatzeko
inbertsioa, jarduera behar da eta azken urte hauetan lurralde mailan
bideratutako bost jaien arteko loturarako koordinazio teknikoa egon bada ere,
benetako nazio mugimendu izaera lortzeko ahalegin gutxi egin dira. Lurralde
mailan antzekoa gertatu da. Ikastola bati Kilometroak esleitu eta dagokion
urtean bera bakarrik kudeatzeko konpromisoa hartzen du. Garaia iritsi da,
beraz, Ikastolen arteko lotura areagotzeko, baita urte osoko jarduerari lotura emateko
ere. Ekintza puntualak izan daitezke (Mendimetroak) edota iraunkorrak
(Erronka). Dena dela, urtean zehar dinamika berri hau sustatzeko derrigorrean
inbertsio organizatibo berria behar da.
VIII. JAI(EN) FORMATUA(K): BERRITZAILEA, GARAIKIDEA, ERALDATZAILEA
Bere dimentsio
xumean, Ikastolen jaiak Euskal Kulturari ekarpena egin beharko lioke. Horren
haritik, jaiak sormenerako gune garrantzitsua izan behar du, eta sormena indartuz
auto-ekoizpenerako jai nagusia izan behar du. Horretarako Ikastolek edota
ikastoletako gazteek urtean zehar egiten eta sustatzen dituzten ekintzen
erakusleiho bihurtu behar da gure jaia. Gure jaiak Herriari eskaintzen dion
ekitaldi bat izaten jarraitu behar du.
IX. JAIAREN DIMENTSIOA
BIRKOKATU
Gure errealitatea
kontuan hartu behar dugu, eta herri gutxitua izatearen errealitatea oso
eraginkorra da gauzatu nahi dugun jaiaren eredua erabakitzerakoan.
Makro dimentsioak,
orokorrean, jendarteak dituen ezaugarri eta baloreak erraz barneratzen ditu,
eta Ikastolen jaiak dituen bi irizpide orokorrak, hala nola jende multzo ahalik
eta handien erakartzea eta Jaia Ikastolen baloreen isla izatea, denborarekin
kontrajarriak bihurtu dira, eta bigarrena lehenengoaren mesederako higatzen
joan da. Jaiaren dimentsioak, beraz, kontrolatuta izan behar du eta parte
hartuko duen jende kopurua gure jaiarekin landu nahi ditugun baloreen
mesederako doitu beharra dago.
Atal honetan badago
ere segurtasunaren inguruko legedian ezartzen ari diren mugak. Hauek gero eta
zurrunagoak izaten ari dira, eta zurruntasun horrek berarekin kostu ekonomikoa
ere ekartzen du.
X. IKASLEAK
AHALDUNDU
Ikasleak izango
dira jaiaren baitan antolatzen den egunaren eta urteko ekimenen protagonista,
parte-hartze aktiboaren bidez. Gazteek aisialdiaz garatu behar duten
heziketarako lagungarria izango da jaia, eta baita erronka ere.
Jaiaren diseinuan
eta eraikuntzan ere ikasleen parte-hartzea sustatu behar da, horretarako
espazio berezituak sortuz. Ikastolatik jaira, jaitik ikastolara: Ikastolak
aisialdirako eskola ere izan behar du.
Ikasleen artean ere Euskal Herri mailako saretzea lagunduko duen harreman dinamika indartu behar da: jaia eta urteko ekimenak ikasleen topaketa bilakatu behar dira.
Iruzkinak
Argitaratu iruzkina