Iñaki Zubeldia

 



KMK23, zer den ikastola bat ,zer funtzioa betetzen edo bete beharko lukeen gaur egun



ELKARRIZKETA Iñaki Zubeldia Telletxeari



2022-03-03an, Orereta ikastolan

Nor zaitugu:


70 urte duen giza-semea naiz eta egungo ikastolaren martxatik periferian nago. Hala ere, arreta handiz jarraitzen ditut ikastolaren kontuak, oraindik orain mugimenduaren parte sentitzen bainaiz. Zortzi urteekin -1960an- hasi nintzen Sto. Tomas Lizeoan; Hernanitik joaten ginen ikastera bertara taldetxo bat. 1977tik aurrera Orereta Ikastolan hasi nintzen lanean, hasiera batean Idazkari moduan. Artean, Mikel Erriondo zen lehendakaria (orain dela gutxi zendu da). Handik urtebetera Inaxio Oliverik hartu zuen lehendakari kargua eta gutxira aldi berean Gipuzkoako federazioko lehendakaria izan zen (ondoren EAEko hezkuntza sailburua). Oliveri Eusko Jaurlaritzara joan zenean ikastolako zuzendaritzarako hautatu ninduten. Gaztea nintzen, 28 urte besterik ez,…. Hala eta guztiz ere, baietz esan nuen eta bertan 23 urte eman nituen, 2000. urtera arte. Horretaz gain, ikastola munduarekin loturiko hainbat egitasmoetan inplikatu nintzen (elkartasun kutxa, finantzazioa, ikastolako visa, lan hitzarmenaren negoziaketa, …). Garai horretan ez zegoen egun dagoen egitura guztia, orduan hainbat arduradun-lagun elkartzen ginen federazioaren izenean gai ezberdinak kudeatzeko.

Ez dago esan beharrik oso garai betea izan zela hura….eta aldi berean konplexua; gure proiektuaren elementu esanguratsuenetarikoa elkartasuna zen, elkar lana, eta bide horretan elkartasun kutxa sortu genuen tresna bezala, horretan sakontzeko. Elkartasuna gure identitatearen seinale bat da, partaide izatea bezalaxe.

Beraz, gure buruari gu zer garen galdetzen badiogu, esango nuke, gu hezkuntza euskalduna, berritzailea bultzatzeko sortu ginela, gure identitatea gorde eta babesteko, etorkizuna irabazteko asmoz, herri aske bezala; eta horretarako transmisioa garrantzitsua da, hori guztia gure seme-alabei transmititzea ardura horietako bat da.

IRAGANAREKIN ALDERATUZ, ZER FUNTZIOA BETETZEN DU GAUR EGUN IKASTOLAK?

2000. urtean Gasteizko Olabide ikastolatik deitu ninduten eta bertan beste 14 urte egin nituen Zuzendari orokorra bezala, jubilatu arte. Esan nezake, beraz, ezagutu ditudala ikastolen mugimenduaren momentu ezberdinak, eta baita ikastolaren izate ezberdinak ere. Ez da gauza bera sortzez Orereta ikastola edo Gasteizko Diputazioaz bultzatu zituenak edota Gotzaitegiak bideratu zituenak Bizkaian, ezta Donostiako Ekintza ikastola ere. Bere momentuan egondako gora-behera guztiekin ikastola askok izan ziren, halabeharrez, sare publikora pasa zirenak, eta hor daude, nahiz eta ondorengo urteetan eskola publikoak irentsi egin dituen -aurreikusi bezala- bere egituraren barruan. Eta ez dira gauza bera Nafarroako edota Ipar Euskal Herriko ikastolak. Aniztasun guzti honetaz ez da hitz egiten eta benetakoa abiapuntua izan behar du nahi badugu gure euskal eskola nazionalaz zuzen aritu. Ikastolak soilik Ikastolen Elkartean daudenak dira? Bada, ez da horrela, eta hori aitortu behar da.

Lidergoa du ikastolen mugimenduan ikastolen elkarteak, baina horri eustea kosta egin zaio eta galdu genituen gradu batzuk lidergo horretan “publifikazio” garaietan eta ondorengoetan, EIBn hainbat ikastola elkartu zirenean edota Gasteizko gerra ondorengo lehenengo ikastola, alegia Olabide ikastolak, Ikastolen Elkartean sartzea eskatu zuenean eta sarrera, harrigarriki, ukatu zitzaionean….

Niretzat ikastolak dira, oinarri-oinarrian, nagusiki herritarrak sortu duten proiektu bat. Asmoa, kalitatezko euskal hezkuntza, gure hizkuntzaren berme, umeen heziketa osoa eta gure herriaren identitatea aurrera egiteko tresna bat. Proiektu hau, esan bezala, herritik sortu zen eta herriak mantendu du. Gurea egiteko bi aldiz ordainduz. Proiektu hau ez du gobernu batek sortu, nahiz eta urte batzuetatik aurrera instituzioetatik laguntza ekonomiko handia jaso. Baina, laguntza horrek ere bere eragina izan du, lagundu du ekonomikoki egonkortzen eta era berean iruditzen zait -neurri batean bederen- proiektuaren grina “lasaitzeko”, “lausotzeko” balio izan duela.

Gaur egun Ikastolen elkartea egitura oso garrantzitsua da. Arlo ezberdinetako proiektuak martxan jartzeko aukera eskaintzen dituen egitura da. Ez dakit Europa osoan horrelako egitura ote dagoen hezkuntza pribatuan, behetik gora sortua, herrigintzan oinarritua eta beraz, izaera publikoa duena, noski euskalduna. Katalunian Rosa Sensat mugimendua sortu zuten, baina ondoren sare publikora pasa ziren. Sare publikora pasatzeko garai haietan izan genituen harremanak beraiekin eta esaten ziguten hein handi batean damututa zeudela eta ahal genuen neurrian ez emateko pauso hori. Guk presio handiak jaso genituen, instituzionalak, politikoak, ……baita sindikalak ere, baina gure izaerarekin jarraitzea erabaki genuen.

1984an Oreretak hartu zuen 1. aldiz Kilometroak antolatzeko ardura; jaiaren leloa “Noiz arte honela” izan zen (noiz jasoko dugu egindako lanaren aitortza, gure nahia noiz beteko da…). EIKE garaian ziren…Urte horretako lelotik, ondoren 1999an antolatu genuen hurrengo Kilometroaren “Bizi” lelora pasa ginen. Zergatik, Bizi? 1993an gureari helduz jarraitzea erabaki genuelako eta, horren ondorioz, Eusko Jaurlaritzatik edota udaletik jasotzen genituen laguntza askok bertan behera geratu zirela ikusita, proiektuarekin jarraitzeko biziraupen plan bat martxan jarri behar izan genuen (kuotak izugarri igo, egitura laboralak eta bestelakoak murriztu, gure maileguak birfinantziatu, elkartasun kutxa martxan jarri ikastola ahulenei laguntzeko …) eta hala eta guztiz ere ikasleez betetzen jarraitu genituen gelak, lortu genuen ekonomikoki burua altxatzea eta bizirautea.

Orain beste fase batean gaude. Zalantzarik gabe egoera askoz eroso batean bizi gara. Baina, aldi berean, punch pixka bat falta zaigu, -gure gizartean pasatzen den isla bat da ere, iruditzen zait-. Ez da kritika bat, errealitatearen konstatazio bat da. Zeinek esango zuen duela 50 urte gaur bizi dugun egoera honetara iritsiko ginela? Gaur egun bete behar duen funtzioaz bertan daudenen guraso, langileen eta arduradunen esku dago esatea, baina, nire ustez, gure identitateari begira impass batean gaude. Ez gara ausartzen gure erosotasun hori galtzea. Eta, bien bitartean euskararekin gertatzen ari dena ikusten dugu, emaitzak oso apalak dira, baita ikastoletan ere, nahiz eta murgiltze edota D eredua martxan jarri. Eta ikasleen jabetza gure identitateari, historiari, geografiari, zientziari, literaturari, kulturari…… buruz apala da ere bai.

IKASTOLA HERRIARENTZAT TRESNATZAT HARTZEN BADUGU, NOLA BALORATU GAUR EGUN IKASTOLAK EGITEN DUEN LANA?

Garai batean alde horretatik errazagoa zen: ez zegoenetik, hutsaren hurrenetik, zerbait berria sortu behar zen. Sortu behar zenuen zure barruak eskatzen zizulako. Gaur egun dena planifikatu behar da … toki bat hartu dugu, garrantzitsua, baina ez dakit aurrera egiteko batzuetan ez ote digun zamatzen. Faltan botatzen dut euskal gizartearen errebelde izate natural hori, kritikoa kanpoaldera, baina baita ere barrualdera. Pasa ditugunak herri bezala ez dira txantxetakoak, egia da, baina iruditzen zait badela garaia indarrak batzeko gure helburuen inguruan. Eusko Jaurlaritza guztiz beharrezkoa da tresna bezala aurrera egiteko, ezinbestekoa EAEn, baina hor ditugu Nafarroa eta Iparraldea eta euskal hezkuntza munduan ikastolen zeregina erabat determinantea da eta iniziatibak ikastolen barrutik sortuko dira edo nekez izango gara.

Ikastolek egindakoaz eta egiten ari direnaz aitorpena jaso behar dute. Herrian zegoen eta dagoen euskal grina horrek ekarri du, ikastolen sarea sortzeaz gain, beste hezkuntza komunitateak publikoak zein pribatuak, euskalduntzea. Argi dagoena da guk izaera publikoa dugula, ez zentzu klasikoan ulertuta, alegia estatuko eskolarena -dela espainola EAEn edota Nafarroan, dela frantsesa -, baizik herritik sortuak garelako behetik gora, funtzionamendu demokratiko eta guztioi irekia, hori delako gure nahia. Hemen Errenterian, -197778an, PSOE udaletxean zegoenean, estatus hori onartu ziguten eta horrekin batera gure instalakuntzak mantentzeko dirua ematea erabaki zuten. Eta guk gure erabaki organoetan parte hartzeko aukera eman genion. Eta etortzen ziren, baina ikastolak zeraman erritmoari ez zioten eusten,….. Eta Madrilen, 1979an uste dut, UCDn garaian, “escuelas públicas no estatales” izendatu gintuzten. Gero “Euskal Eskola Publikoaren” legea onartu zuten PSOE-EEk eta EAJk 1993an eta ez genuen sare publikora sartzeko pausua eman (Oreretan, batzar nagusian, bazkideen %75tik gora babestu zuten pausu hori ez ematea) eta orduan diru laguntza oso esanguratsuak kendu eta parekatu ziguten eskola pribatuekin…. Egun hezkuntza lege berri adostu bat jartzeko ekimena abian dago EAEko legebiltzarrean eta hezkuntza komunitatean; horrelakorik ez da orain arte eman, espero dezagun ikastolen ekarpena eta nahia kontuan hartzea, ez bakarrik ekonomikoki. Gure euskal izaera, nortasuna, hezkuntza ulertzeko era, identitatea bultzatuko duena, gure euskarari lehentasuna emango diona, palanka lana egiteko aukera emango duena Nafarroan eta Iparraldean jardunean jarraitzeko.

ZUK ORERETAN BI KILOMETROAK JAI EZAGUTU DITUZU, 1984AN ETA 1999AN. ZURE ESPERIENTZIAREN ARABERA, ZER BILAKAERA IZAN DU GURE JAIAK ETA ZER FUNTZIOA BETETZEN DU?

Kilometroak beti ikastolen erakusleihoa izan da. Nork antolatzen du herri honetan horrelako muntaia? ikaragarria da! Eta gainera Euskal Herriko lurralde guztietan zabaldu da eredua… Jai hauek oso ondo etorri zaizkigu adierazteko zer garen eta, baita, dirua lortzeko jakina.

1984an “Noiz arte” esaten genuen, noiz arte jarraitu beharko dugu horrela gure kultura, hezkuntza, izaera, hizkuntza …. aldarrikatzen. Ondoren, erakundeek eman ziguten laguntza, finantzazio arlokoa gehienbat, baina hori ez da guztia. Zentzu horretan, nik ez dut alde handirik ikusten 1984an egin genuena edota 1999an. Jarraitu behar izan genuen gure aldarriekin eta zabaldu genuen gure herritik kanpo ekimen bat, euskal diasporara (Argentinako Arrecifera eta Estatu Batuetako Boise herrira) hain zuzen ere.

Bietan eguraldi txarra izan genuen, eta horrek, noski, pena handia sortzen du. Izan ere, hainbeste indarrak eta esfortzuak egun bateko antolaketan jartzen direnean, eguraldiagatik zapuzten denean bada pena handia sortzen da.

Beraz, alde batetik eguraldia inportantea da. Baina hori bezain garrantzitsua da ikastolaren komunitatea dinamika guztian, partaidea senti araztea. Hori lortu gabe, nahiz eta eguraldi ona izan, historia tristea ere gerta daiteke.

Orereta ikastolak dagoeneko 60 urtetako ibilbidea betetzear dauka eta, beraz, izen bat du herrian. Dagoen oinarria oso indartsua da. Egin behar dena da familiak, langileak eta ikasleak aktibatu; ez da berez sortzen, lan egin behar da. Eta ikasle zein guraso ohiak ere bai. Horiek denak dira ikastolaren sustengua. Eta horiek aktibatu behar dira. Zer egin nahi duten? Ez dakit, haiei galdetu behar zaie eta aukerak eman planteatzen dutena egiteko.

Herrian ere badira beste komunitate batzuk, beste eskola batzuk, eta horiekin ere hitz egin behar da, eta ondo sentiarazi egiten dugun honetan.

ZEIN IZAN BEHARKO LITZATEKE KILOMETROAK 23-REN MISIOA EDOTA ALDARRIKAPENA?

Leloa erabakitzeak beti eztabaida sutsuak pizten ditu.

Nire ustez, gaur egun, dirua ez da xede nagusia nahiz eta oraindik inportantea izan.

Kilometroak Korrikarekin batera da Euskal Herrian euskararen eta gure izatearen alde dagoen jai-erakusleiho garrantzitsuenetarikoa, beste lurraldeetan egiten diren beste jaiekin batera noski.

Korrikak du gaur egun, nire ustez, guk ez dugun onarpen zabala. Garai batean agian kontrakoa zen, baina une honetan, nire irudipenerako, eskola publikoko hainbat sindikatu eta guraso elkarte ikastolen aurka ikusten ditut. Publikoa izatea lehenesten dutenaz gain, estatuaren hatz marka, matrikulazioa, lanpostu kontuak… ikusten ditut nik hor. Ez da gauza berria, baina orain sentitzen ditut indartsuago? Edo…ozenkiago, kezkatuago, urduriago?... Izan daiteke momentu ona - Hezkuntza lege berriaren negoziaketaren inguruan – posturak hurbiltzeko.

Baina lehengo gogoetarekin jarraituz, dirua lortzen badugu, zer egin behar dugu diru horrekin? Lehen esan dudan bezala, gaur egungo gurasoek, langileek eta zuzendaritzak erabaki behar dute. Nago dirua proiektuak bultzatzeko, elkartasunerako tresna izanik, diru hori banatu egin beharko genukeela. Elkartasun kutxaren bitartez, Ipar Euskal Herriko ikastolei bildutako diruaren zati bat emango nieke. Ez da lehenengo aldia horretan jarduten garenik, hor dago Zubiak eraikiz ekimena, ekimen honekin jarraitzea ildo garrantzitsua izan daiteke nire ustez.

Aldi berean Europako beste herrialdetako (Estatu gabeko nazioak) proiektu pedagogikoak, hizkuntzaren ingurukoak ere gure jaietara gonbidatu beharko genituzke (Bretoiak, Galestarrak, Korsikarrak, katalanak, galegoak …). Antzeko egoeran bizi dira Afrika iparraldeko hainbat herrialde…sahararrak, amazightarrak, riftarrak…, mereziko luke keinu bat egitea horko herritarrei, bertan ditugu ugari etorkin modura.

Ahaztu gabe atzerrian ditugun euskal komunitateko edota diasporako kideei ere, partehartzeko gonbita eginez.

Begirada altxatuz, beraz, elementu guzti hauek dimentsionatu egiten dute gure jaia.

Dimentsio honetan ikastolako gazteak inplikatuko nituzke, aipatutako ezaugarri horiekin: naziotasuna, estatu gabeko nazioak, elkartasuna, euskara eta gure kultura, gure historia….geografia …, sorkuntza, heziketa berritzailea, etengabe hobetzeko grina, aisialdian nolatan egin euskara era naturalean txertatzeko… esperientziaren bitartez ikasgaia izan daitezen. Modu kontzeptualean ere jarri lanean ikasleak. Behar bada, sari batzuk sortu eta eskaini gazteak lan horietan murgiltzeko motibatuz.

Baserriari -Anabitarteri - ere atentzio berezia emango nioke. Berak badu esanahi bat gure ikastolako komunitatearentzat.

AZKEN GOGOETAK.

Ahaztu gabe ikastola herriaren nahiaren isla dela, bere beharretara/nahietara soilik gaude makurtuak, beste ezeri ez. Hori, une oro, ondo jakin behar dugu irakurtzen eta horren arabera ekin.

Kooperatibismoa gaur egun legez gehien erabiltzen dugun eredua da, baita gure izaerarekin egokien egiten duen herri antolaketa, egitura ere bai.

Kezka handia sortzen didana da ikastolako jaiek oraindik eragiten duten lana, behar den esfortzua. Urtero-urtero bost jai antolatzen ditugu. Izugarria da. Antolatzeko ardura hartzen duten ikastolek indar hustuta geratzen dira, bertako arduradunek txiki-txiki eginda. Garai batean ez genituen laguntzak dituzte Federaziotik, baina niretzat beste eredu batera joan behar dugu. Eredu bat non egitura nagusitik helburuak finkatzen diren Batzar Nagusian, jarraipena egiten zaion Artezkaritzatik eta Talde Tekniko batek kudeatzen duena urtean zehar , herriko ikastolekin bat eginik. Eta handira jokatu zentzu guztietan.

Guk gaur egun zer beharrak ditugu? Zer ezberdintasunak daude Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako ikastolen artean? Bat ere ez. Nafarroarekin alderatuz, agian bai; izan ere, administratiboki hezkuntzak eta euskarak beste trataera daukate. Eta Iparraldean ere bai. Baina EAEn hiru jai? Seaskan bat egiten dute eta hiru lurralde dira baita ere.

Nik uste dut amaitu beharko genukeela prozesu batean non azkenean jai bakarra egiten dugun: IKASTOLEN JAIA. Zuzenagoa iruditzen zait gainera herri ikuspegitik. Txandakako jaia irudikatu daiteke: aurten Donostian, datorren urtean Balmasedan eta hurrengoan … Ikastolak antolaketa lan horretatik arindu behar dira. Nahiko lan dute ikastolek bere egunerokotasunean.

Jaira etortzen denari elkartasuna eskatzeaz gain (ekonomikoa baita ere), euskararekiko konpromiso keinua ere eskatu behar zaio. Eta nahi ez dutenak ez daitezela etorri. Guk xede zehatzetarako antolatzen dugu jai hauek.

Egun Ikastola hitzak prestigioa du -hori irabazi dugu- eta anitza da. Ume eta guraso askok esaten dute ikastolara doazela, nahiz eta eskola pribatu, erlijioso edota publikora doazen. Jarrai dezagun lanean gure helburu nagusiari heltzen, ondo irakurriz momentu bakoitzean zer egin behar dugun, egindako akatsaz ikasiz…..prestigio hori mantentze aldera. Denok irabaziko dugu horrela!



Kanta zaharrak dioen bezala….

Borondateak elkartzen gaitu…

Herri izan nahiak….

Herri libre batean

Iruzkinak

Blog honetako argitalpen ezagunak

Berrikuntza: etorkizuna bermatzeko bidea!